Hou Pitxu hou!

Hou Pitxu hou! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hou-pitxu-hou/@@download/image/6.jpg
2009/03/06
erreportajea
Patxi Uranga
Urtarrilaren 11an abiatu ziren maskaradak Zuberoan. Aurten, Barkoxeko gazteek hartu dute maskaradak prestatu eta herriz herri eramateko ardura. 48 laguneko koadrila osatuta, batetik bestera ariko dira apirilaren 12a arte. Egun horretan eskainiko dute azkeneko saioa, etxean bertan,  Barkoxen. GAZTEZULO horietako batean izan zen, Ezpeizen. Hemen duzue ikusi eta bizitakoaren irudi sorta.

13 urte joan dira Barkoxek azken maskarada antolatu zuenetik. 1995ean izan zen, denbora askotxo, eta gogotsu hartu dute aurtengoa antolatzeko erabakia.
Gogoak parte hartze zabala ekarri du eta zenbait berrikuntza ere bai. Esaterako, aspaldian agertu gabeko bi pertsonaia berreskuratu dituzte: ingelesez kantatzen duen apaiza beltzarana eta hartza. Dantzariei dagokionean, aldiz, urtero bi talde aritzen dira norgehiagokan: gorriak eta beltzak.

Maskaradari barrikada hausteekin ematen zaio hasiera, 10:00ak aldera. Barrikada hausteen helburua, oztopo guztiak gainditu eta herrian sartzea da. Arizaleek dantza egiten dute barrikada igarotzeko eta auzotarrek, trukean, hamaiketako oparoa eskaintzen diete denei. Ondoren kerestuen jokoari hasiera ematen zaio. Garai batean, ordea, barrikadak egiazkoak izan ohi ziren eta auzotarrak gogotik saiatzen ziren antzezleen bidea oztopatzen. Traba guztiak gainditu eta tokian tokiko dantzak eginda, koadrila osoa bazkaritara joaten da.

Behin sabela ondo beteta, 15:30ean hor nonbait, puntualtasuna ez baita oso ohikoa, eguneko emanaldi nagusia hasten da. Eta horrekin batera, Pitxu bihurria, Xorrotxa, Kauter, apaiza, hartza… bihurtzen dira protagonista. Une berezia, dudarik gabe. Dantza eta kantu artean, usadioak eta gaurkotasunak bat egiten duten memento magikoa da hori. Izan ere, xiberotarrek maisutasunez uztartzen dituzte puri-purian dauden gizarte gaiak mendeetako tradizioarekin. Aurtengoan ere ez dira falta CGT sindikatuari lotutako kontuak, Sarkozyk Ingrid Betancourten aferan jokatutako papera… gazteek gogotik sartu diete eztena guztiei. Ikusleek adi-adi jarraitzen dute istorio bakoitza eta baita antzezleen ateraldi satirikoekin gogotik barre egin ere. Hori bai, kontuz ibili beharra dago, Pitxuk edo beste norbaitek inor begiz hartuz gero haren bila joango baitira eskenatokira eramateko. Ikusle lotsatiak nahikoa lan izango du ikuskizunaren haseran hartu duen tokiari eusten… Gustura, baina, herritarrak ere festaren parte baitira, ez dira gertatzen ari dena ikustera soilik mugatzen. Gogotsu txalotzen dituzte koplak, indarrez oihukatzen diote Pitxuri…

Horrela, astea joan, astea etorri, 8 saio egin dituzte orain arte: Barkoxen, Eskiulan, Ezpeizen, Urdiñarben, Atharratzen, Muskildin, Altzürükun eta Ligin. Martxoaren 14an Maulen izango dira, 22an Larrainen eta 29an, berriz, Idauzen. Bi asteko atsedena hartuko dute gero, sarreran aipatu bezala, apirilaren 12an azkeneko saioa eskaintzeko. Izan ez zaretenontzat, beraz, oraindik bada aukera Zuberoara bisita egin eta egun pasa ederra egiteko. Munduko azken puntara abiatzea modan dagoen garaiotan, horra gure gomendioa: zoazte eta gozatu memoriaren mapa baino zaharragoa den jai zoragarria ezagutzera. Gurea, benetakoa, eransgarririk gabea. Eta hemen bertan, Euskal Herrian. Ez zaizue damutuko.