Hotz polarra berotze globalarekin?

Klima aldaketa dagoeneko ez da mehatxu hutsa; gertatzen ari da, eta uste baino larriagoa da egoera. Aurtengo neguan, AEBetan inoiz baino hotz gehiago jasan dute; -53ºtara iritsi dira hainbat lekutan, Artikoan baino tenperatura baxuagoak erregistratuta. Batzuek galdera bota dute; nola da posible berotze globalak izotza urtzea eta aldi berean Lurreko beste zonalde batzuk izoztea?
Zoritxarrez, AEBetan gertatzen ari denak harreman zuzena dauka berotze globalarekin; hain zuzen, Artikoko izotza urtzearekin batera ura lurrun bihurtzen da, eta hodeitzar horiek ondoren ekaitzak eta izozteak eragiten dituzte. Meteorologoek argi dute; aldaketa klimatikoaren eta eguraldiaren artean bereizten ikasi behar dugu. Hau da, Lurra berotzeak ez du esan nahi klima tropikaletara goazenik, muturreko klimak ezagutuko ditugula baizik. Beste modu batean esanda; hotz zein berotan, errekorrak hautsiko dituzten tenperaturak jasango ditugu etorkizun hurbilean. Eta bestela adi datu honi; NASAk erregistratu duenez, K.A. 1.000 urtetik hona, eman diren urte beroenen top10-a 1997 eta 2018 bitarte izan dira. Adierazgarria, ezta?