Hotmailen betetzen ari den memoria husteko egin beharrekoa

Hotmailen betetzen ari den memoria husteko egin beharrekoa Outlookeko postak memoria txikia du, eta tokia egiteko lagungarria da zer eta nola ezabatu jakitea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hotmailen-betetzen-ari-den-memoria-husteko-egin-beharrekoa/@@download/image/pexels-mikhail-nilov-8284724.jpg
2026/10/20

Testua: Maitane Legarreta

Outlookeko postak memoria txikia du, eta tokia egiteko lagungarria da zer eta nola ezabatu jakitea.
Hotmailen betetzen ari den memoria husteko egin beharrekoa

Bestelako email domeinuak erabiltzea ohikoa den arren, oraindik ere batek baino gehiagok jotzen du Hotmail edo Outlookera e-posta edo mezu trukaketarako. Tarteka garbiketarik egin ezean, denboraren eta urteen poderioz, memoria bete egiten da, ordea, batez ere atxikitako dokumentu eta irudiek pisu handia badute.

Memoria betetzean ez da emailik bidaltzeko edo jasotzeko aukerarik izaten, hau da, zerbitzutik kanpo geratzen da nolabait. Hori dela eta, lehenbailehen mezuen txukunketa egitea komeni da, eta behar ez dena ezabatzea, edo emailetan dagoen edukia beste nonbait gorde eta ezabatzea. Bestela, memoria handitzeko ordaindu beharra baitago.

Lehenik eta behin, informazio gehiena eta pisutsuena non dagoen ikusi behar da. Horretarako, ezarpenetara jo, 'kontua' atalean sartu eta biltegiratze edo memoria begiratu behar da. Karpeta bakoitzak zenbat espazio betetzen duen ikus daiteke bertan.

Espaziorik gehien hartzen dutenak dokumentuak, argazkiak, bideoak edo halakoak erantsirik izaten dituztenak dira. Email zerrendan topatu litezke iragazki bidez, tamainuaren arabera ordena baitaitezke mezuak, handienetik txikienera. Espazio gehien betetzen dutenen zerrenda izanda, haiek begiratu eta zeintzuk gorde behar diren eta zeintzuk ezabatu begiratu behar da. Gorde beharreko emailen edukia ordenagailuan edo kanpoko memorian gorde daiteke. 

Kontuan izan emailak ezabatu eta gero, ezabatutako elementuen karpetatik garbitu behar direla, bestela memorian espazioa hartzen jarraituko baitute, harik eta 30 egunera Outlook-ek automatikoki ezabatu arte. Horrekin batera, espazio arazoak daudenean, spam edo nahi ez diren emailen karpetakoak ere ezabatzea komeni da, hamar egunen buruan automatikoki desagertuko diren arren.

Tarteka garbiketa egitea komeni
Lan-karga ez handitzeko, gomendagarria da noizean behin behar ez diren emailak kentzea. Garbitzeko tresnak igorle beraren mezu guztiak ezabatzeko aukera ematen du, berrienak bakarrik gordetzeko edota 10 egun baino zaharragoak direnak ezabatzeko.

Publizitate edo buletin mezuak ken daitezke horrela, eta baita harpidetzarekin lotutakoak identifikatu eta harpidetza eten ere.