Hondartzaz gozatzeko ohiturak aldatuz

Pixkanaka uda gerturatzen hasi da, eta aldi berean, itxialdiaren amaierarekin amesten hasi gara. Dena den, etxetik irteteko lehen saiakerak egiten hasi arren, oraindik bide luzea geldituko zaigu normaltasuna berreskuratu arte. Aurtengo oporraldia ez ohikoa izango dela argi dago; ezingo dugu ohi bezala bidaiatu, ez eta jatetxe edota kontzertuez gozatu; hondartza edo mendia geldituko zaizkigu, eta horiek ere, arauekin.
Hondartzara joateko aukera oraingoz ez da ziurra, baina batzuek hasi dira nolakoa izango den irudikatzen; Interneten harridura sortu dute distantziak mantentzeko proposatutako panelek. Dena den, adituek bestelako ohiturak hartu beharko ditugula diote: ziurrenik, hondartzan botata egotea ez da posible izango, aurten behintzat.
Orduan, nola gozatu ahalko dugu kostaz? Litekeena da hondartza paseatzeko eta kirola egiteko eremu bilakatzea; paseoak, korrika egitea, jolastea eta noski, uretan igeri egitea posible izan liteke, baina oraindik ere distantziak mantendu beharko ditugu.
Baliteke gainera jende kopuru maximoak ezartzea eta ordutegiak zehaztea; onena? Aurten inork ez dizkigu oinak toallarekin estaliko!