Hondartzako fauna

Hondartzako fauna https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2001/07/06
erreportajea
Udan, hondartzan, mota guztietako abere taldeak ibiltzen dira. Abereok helburu eta portaera ezberdinak dituzte. Zein taldetan zaude zu? Guk hondartzako fauna aberatsetik sei animalia aukeratu ditugu.


Marrazoa



Mediterrano aldetik etorria, gustuko urak aurkitu omen ditu marrazoak euskal kostaldeko zenbait hondartzatan. Erraza da antzematen: 35 bat urteko gizona, eguzkirako betaurrekorik berrienak, garestienak eta itsusienak eramaten ditu, baita hankatartea estutzen dion gepardo larru koloreko bainujantzia ere, beltzaran baino kremaz beteta dago, toki batetik bestera ibiltzen da bere giharrak erakusten... Hondartza hiztegi batek patetikoa eta ha-rroputza dela esango luke, baina tira, bere patetikotasunean eta bere harrokerian, zoriontsua omen da. Marrazoa  sirena bila ibili ohi da, baina beti horrela dabilenez, ondorio bakarra atera dezakegu: ehiztari kaskarra da gure marrazoa.

Otarrainska



Alemania edo Suediatik Euskal Herrira etorrita, sanferminen ondoren hondartzetara jotzen dute otarrainskek. Sitting Bull-en (Eseritako Zezena) miresle porrokatuak dira eta hondartzan bizpahiru ordu pasa eta gero pozik itzultzen dira ostatura edo kanpinera, larrua tomatea baino gorriago. Otarrainskek mesede handia egiten diete udan oporretara joan ezinik herrian geratu diren herritar sufrituei: gauez kaleak argitzen dizkiete. Sekulako argi jarioa dute eta!

Olagarroak



Neska eta mutila, ezin geldirik egon, ipurtzulotik piperra sartu dietela dirudi: handik hona korrika, bata bestearen atzetik, etzanda daudenean xirri batzuk, “orain ni gainean”, “orain, berriz, zu”... Eguzki gaixoa olagaNeska eta mutila, ezin geldirik egon, ipurtzulotik piperra sartu dietela dirudi: handik hona korrika, bata bestearen atzetik, etzanda daudenean xirri batzuk, “orain ni gainean”, “orain, berriz, zu”... Eguzki gaixoa olagarroak belzten temtuta dagoen arren, galtzak bete lan dabil, izpiei izkin egitea ere lortzen dute eta! Dena den, olagarroei, hondartzan, palan jolastea gustatzen zaie gehien. Pala baino errazago ahaztuko lukete bainujantzia etxean! Harrigarria da zein jausi egiten dituzten palan jolasten dutenean.

Zezena



Itsas aberea ez den arren, bereziki gustukoa du asteburuetan autoa hartzea eta kostaldera hurbiltzea. Hondartzara joateko arrazoi nagusia, zezenarentzat, ahalik eta tresna gehien eramatea da: sonbrila itsusiren bat, koltxoneta pare bat, puzgailuak, mahaia, aulkiak, irratia, telebista,... eta familia osoa, noski! Arropa gordetzeko armairua eramateko aukera izango balu, auto gainean jarriko luke, zalantza izipirik gabe. Horrez gain, gure zezena sukaldari trebea da, eta bezperan ajoarriero kazola prestatu ez badu, lasai egon, labeska di-da piztu eta hantxe bertan prestatuko baitizu munduko hondar paellarik gozoena (eta baita jaterakoan zaratatsuena ere). Nabaria da zezena dela: ikaragarri gustatzen zaio hondartzan leku batetik bestera ero moduan ibiltzea ohiuka eta biraoka, seme-alaben atzetik.


Karramarroak



Talde handietan joaten dira hondartzara. Inoiz ez dituzu karramarroak bakarrik ikusiko. Izan ere hondartzara gutxienez 30 laguneko kuadrilan joatea karramarroa izateko ezinbesteko baldintza da. Bi sexuetakoak, gazte-gazteak, ligatzea da beraien helburu nagusia; ez dute haginez elkarri zizta egiteko aukera bat ere galtzen. Adi daude beti, eta aurretik pasatzen diren neska-mutilak mota guztietako eztabaida txit intelektualen sorburu izaten dira: “hau gustatzen zait”, “nik nahiago dut hango hura”, “hori ipurdia!”... Zarata maite dute, eta edonon eta edonoiz argi utzi behar dute hortxe daudela.


Dortoka



Gurasoek eta sendagileek ez zioten neskari txikitan inongo gaitz larririk atzeman. Hala ere, autista ez ote den pentsatzen hasita daude. Hippy samarra dirudi, eta oso arraroa da, hondartzan irakurtzea gustatzen zaio eta! Horrelakorik ere...! Bere aurretik sekulako neska-mutil puskak pasatzen diren arren, kasurik ez; ez du burua altxatu ere egiten. Izan ere, bera ez da post-modernoa, post-sexu garaikoa baizik. Dortoka Tibeteko mo-nastegi batera joango balitz bezala joan ohi da hondartzara eta batik bat, hiru gauza gorroto ditu: ondoko hondartzakideen irratian King Africa-ren kantuak entzutea, toaila beste norbaiten oinen gainean jarri beharra eta hondartzako faunako gainerako abere guztiak.