Hollywoodek Woody Allen kondenatu du

Hollywoodek Woody Allen kondenatu du Weinstein erori zenetik, ukiezina izateari utzi dio Allenek; bere alabak CBS katean hitz egin du aste honetan, urtetan salatutako sexu erasoaz. Zuzendari eta saxo jotzailearen azkena ote? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hollywoodek-woody-allen-kondenatu-du/@@download/image/Woody-Allen.jpg
2018/01/19
berria
Weinstein erori zenetik, ukiezina izateari utzi dio Allenek; bere alabak CBS katean hitz egin du aste honetan, urtetan salatutako sexu erasoaz. Zuzendari eta saxo jotzailearen azkena ote?
Hollywoodek Woody Allen kondenatu du

Hollywoodek dagoeneko ez du maite Woody Allen. Urte luzez, bere aurkako salaketak ezkutatzen saiatu da zuzendaria, eta Harvey Weinsteinen aterpean, libreki jarraitu du lanean. Baina Miramaxeko ekoizleak erori zenetik, geroz eta gehiago dira Allenen aurka hitz egitera ausartu direnak; gaur, bere adopzioko alaba Dylan Farrowek CBS katean hitz egin du, eta urte luzez bere aitak eragindako sexu erasoak salatu ondoren, beste behin aldarrikatu du umetan jasan zuena.

 

 

Farrowen arabera, zazpi urte zituela bortxatu zuen zuzendariak. Mia Farrow aktorearen alabak sarritan salatu du gertaera hau, baina sekula ez du lortu garai horretan bere aita ordekoa zena epaitegietara eramatea. Allenek, orduan bere bikotea zen Farrowen haserrea irabazi zuen, alabaren salaketarengatik eta André Previn konpositorearekin adoptatu zuen Soon Yi alabarekin ezkontzeagatik. Geroztik, Farrow eta bere seme-alabak saiatu dira zuzendariaren gehiegikeriak salatzen.

 

 

Hain zuzen, Allenen seme biologiko bakarra den Ronan Farrowek gogor egin du bere aitaren eta honen babesle Weinsteinen aurka. Bera izan zen New York Timesen eskandalu guztia aireratu zuena; orain, Time's Up eta Mee Too emakumeen eskubideen aldeko mugimenduek indarra hartzen duten bitartean, geroz eta aktore gehiagok adierazi dute Allenekin lan egiteaz damutzen direla, eta Dylan Farrowen salaketa sinestera pasa dira. Gauzak horrela, eta 26 urteren ondoren, Farrowek lehen aldiz lortu du publiko zabalaren babesa.

 

Bestalde, Allenen azken filmeko aktore batzuek erabaki dute beren soldatak emakumeen eskubideen aldeko mugimenduei ematea; Rebecca Hall, Mira Sorvino, Greta Gerwig, Selena Gómez, Ellen Page, Griffin Newman, Timothée Chalamet eta Natalie Portman aktoreek ere, zuzendariarekin lan egiteaz damutzen direla adierazi dute. Woody Allenen azkena ote da? Oprah Winfreyk galdera bera egin zion Natalie Portmani, eta honek erantzun zuen: "Hori espero dut".