Hogeita hiru dokumental eskainiko dituzte Dock of the Bay jaialdian

Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Zinema Jaialdiaren hamabosgarren edizioa datorren astelehenean abiatuko da eta larunbatera arte iraungo du. Hogeita hiru dokumental proiektatuko dira guztira jaialdian.
Sail ofizialean zazpi film luze izango dira. Maiatzaren 2an, astelehena, emango dute Kathryn Ferguson zuzendariaren Nothing Compares. Sinéad O'Connor filma, abeslari irlandarrak mundu mailako fama lortu zuen modua, eta bere nortasun ikonoklastak poparen korronte nagusiarekiko bere deserriarekin nola amaitu zuen kontatzen duen istorioa. Hurrengo egunean, maiatzaren 3an, March Hurtado zuzendariaren My Lover the Killer. Lydia Lunch film frantziarraren txanda izango da, Lydia Lunch abeslari, aktore eta idazle estatubatuarraren buru-barneko bidaia liluragarri eta psikodelikoa.
Isabel Castroren Mija film amerikarra emango dute asteazkenean, Doris Muñoz anbizio handiko musika-manager gaztearen ingurukoa. Maiatzaren 5ean lehiaketarako bi film luze proiektatuko dira. Talking Like Her. Connie Converse izango da lehendabizikoa, Connie Connie 50eko hamarkadako musikari aitzindariari buruzkoa. Bestea, Nightclubbing: The Birth of Punk Rock in NYC film espainiarra izango da. New Yorkeko Max's Kansas City klub entzutetsuaren eta Punk Rockari hasiera eman zion hiriko 70eko hamarraldiko rockaren historia kontatzen du dokumentalak.
Alessandro Melanizzik zuzendutako Italo Disco. The Sparkling Sound of the 80s ikusi ahal izango da ostiralean, hamarraldi zibernetiko hartan mundua konkistatu zuen musika-generoaren historia kontatzen duena. Ondoren, Danny Cohen zuzendariaren Anonymous Club. Courtney Barnett proiektatuko dute, Courtney Barnett konpositorearen erretratua.
Dokumental laburrak
Zortzi film labur eskainiko dira maiatzaren 6an, ostirala, Principe zinema-aretoetako 10. aretoan egingo den saioan. Honako lan hauek izango dira ikusgai: Guen Murroniren Stormskater, Londongo patinatzaileen komunitateari buruzkoa; Miguel Arizaren Dreams, bi maitasun istorio gurutzatu; Hannot Mintegiaren Ignora, Ainara LeGardon eta Ignacio Cordoba soinu-artistei egindako erretratua; Vivian Ostrovskyren Son Chant, Chantal Akermanek bere filmetan eta Sonia Wieder-Atherton biolontxelo-jotzailearekin elkarlanean egindako soinu-lana ardatz duena; Samuel Fuentesen eta Richard Mascherinen He aquí un cuerpo que cae, gorputza kontrola galtzera eramaten duten ekintzak erakusten dituena; Robin Trouilleten Turning Man, musikari, dantzari eta errebeldiari egindako maitasun-aitorpena; Jordan Galland zuzendariaren Dopo Yumemories, Dopo Yume rock musika-taldearen ingurukoa;
eta Tamarzee Noozeren Hit like a Woman izango dugu, Sarah Thawer-en musika-erretratua.
Nazioarteko dokumental nabarmenak
Perfect Day atalaren barruan, nazioarteko zortzi musika dokumental luze eskainiko dituzte. Miguel Angel Blancaren Magaluf Ghost Town proiektatuko da astelehenean, Mallorcako itsasertzeko herri horretan turismoa nola bizi duten kontatzen duena. All the Streets Are Silent: The Convergence of Hip Hop and Skateboarding (1987-1997) filmaren txanda izango da asteartean, eta baita Nueve Sevillas dokumentalarena ere. Lehenak, skate eta hip-hop kulturaren talka du ardatz eta bigarrenak, aldiz, arte eta dantza flamenkoaren denbora eta espazio mugak definitzen dituzten bederatzi pertsonaiaren istorioa kontatzen du.
Asteazkenean Atlantide ikusteko aukera izango da, Veneziako urmaelaren ertzean bizi den Daniele gaztearen istorioa kontatzen duena. Larunbatean, maiatzak 7, The Sparks Brothers proiektatuko da Antzoki Zaharrean, Sparks musika-taldeko kide diren Ron eta Russell Mael anaiek bizi izandako musika-odisearen ingurukoa. Azkenik, Philipp Virus zuzendariaren Freakscene: The Story of Dinosaur JR filmak emango dio amaiera jaialdiari.
Ekintza osagarriak
Hamabosgarren edizio honetan, Gehituk berriro kolaboratuko du Dock of the Bay jaialdiarekin, eta bi proiekzio egingo dira Dabadaban. Astelehenean, maiatzak 2, Claudia Priscilla eta Kiko Goifman zuzendarien Bixa Travesti dokumental brasildarra eskainiko da. Hurrengo egunean, ordu berean, Marie Losier zuzendariaren The Ballad of Genesis and Lady Jaye dokumentala emango dute.
Egitaraua bestelako ekintzekin ere jantziko dute, hala nola Dock Live!, Publiko Berriak atala, irratsaioak, kontzertuak, liburuen aurkezpenak eta elkarrizketak.