Hogei kontzertu izango dira Arrasateko Blues jaialdian
"Europako blues onena" entzuteko aukera izango da datorren astean.

Arrasate Blues jaialdiaren seigarren edizioa uztailaren 18tik 21era izango da eta hogei kontzertu antolatu dituzte. Aurtengoan euskaraz abestuko duten lau talde izango dira. Gainera, lehen aldiz, jaialdia zabaldu eta Arimazubi eta Musakolara ere iritsiko da. Hori dela eta, jaialdiak hamaika agertoki izango ditu Arrasaten barrena zabalduta.
Edizio honetako egun nagusietako bat datorren ostiralekoa izango da. Lau kontzertu hartuko ditu jaialdiak, 19.00etatik aurrera, ia aldi berean. Vulcanizadas taldea izango da arratsaldeari hasiera emango diona. Emakumez osatutako talde bizkaitar honek bere lehen diskoa aurkeztuko du. Ondoren, Zerendepya atxabaltarrek eta Diablues ta Bluezifer bergararrek hartuko dute agertokia. Amann & The Wayward Sons talde bilbotarrak emango dio amaiera musika maratoiari.

A contra blues, Mingo Balaguer, Olana Liss eta Ina Forsman ere izango dira jaialdian. Bestalde, aurreko edizioko Jam Session-en arrakasta ikusita, topaketa inprobisatuak bultzatuko dituzte aurten ere.
Bestelako ekintzak
Gasteizko Lazy Blues dantza taldea Arrasate Bluesen izango da uztailaren 20an, larunbatean, 11.00etan, dantza formazioa emateko. Igandean, hilaren 21ean, 12.30ean, txikiei zuzendutako sorpresa izango da Herriko Plazan.