Hodei guztien azpitik, sasi guztien gainetik

Hodei guztien azpitik, sasi guztien gainetik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hodei-guztien-azpitik-sasi-guztien-gainetik/@@download/image/3p28-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Hodei guztien azpitik, sasi guztien gainetik
1609an, Zugarramurdiko sorginen aurkako prozesua izan zen. Sorginez hitz egiten dugunean, katu beltzak, agure zaharrak, erratz hegalariak... datozkigu burura. Baina orduko gertaerek sua, tortura eta exekuzioekin lotura handiagoa izan zuten. Deabruarekin egindako itunari esker, sorginek hegan egin eta uztak zapuztu zitzaketela zurrumurrua zabaldu zen.

Zer ziren benetan sorginak? Zaila da esatea, baina M.Harris ikerlariak gertaera haiek ulertzeko arrastoa eman digu: "Antzinako Erregimeneko buruzagi intelektual, ekonomiko eta politikoek, sasoi hartan ugariak ziren matxinadak zapuzteko, sorginkeriaren leloa zabaldu zuten". Garai hartan nazio-estatuak sortzen ari ziren: zenbaitek diotenez, sorgin ehizak estatuek kultur eta erlijio batasunetik zertxobait aldentzen zirenen aurka egiteko erabili zituzten.
Euskal Herrian ezezik, Danimarkan, Galizian, Suedian... sorgin gertaera franko zabaldu zen. Izan ere, tokian tokiko ika-mikak medio, edonork "begiko ez ziren bizilagunak" sorginen botilero izenda zitzakeen.
XV. mende aldera aztiei magia zuritik beltzera pasatzea leporatu zitzaien, hau da, deabruarekin bat egin eta naturaz gaindiko ahalmenez jabetzea alegia.
Alemaniako Kolonian, 1486an, jendea beldurra eta obsesio satanikoak jota ibili zen. Giro nahasi horretan, bi inkisidorek Deabruaren Biblia deritzana, "Malleus maleficarum", sortu zuten. Idatzian gaizkiaren ekintzak azaltzeaz gain, Satanek bere erreinua bultzatu eta zeruetakoa dantzan jartzea helburu duela diote.
1692an EEBBetako Salem-en sorginkeriaren aurka egindako epaiketan, honelaxe azaldu zuten zer zen sorgina: "deabruarekin egindako itunari esker, azti ahalmenak lortzen dituena". Prozesuan, sorginak ezagutzeko, aitagurea errezarazi zieten froga gisa.
Euskal Herrian XVI. mendean prozesuak barra-barra eman ziren eta sorgin psikosia nagusitu zen. Prozesu bitxi horietako bat 1527an Avellaneda inkisidoreak Nafarroan eginikoa dugu. Bederatzi eta hamaika urteko bi neska, pertsonen ezker begiari so eginez, sorginak ote ziren esateko gai omen ziren. Ondorioz, inkisidoreak, Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzu bailaretan 150 sorginetik gora, gizon zein emakume, atxilotu zituen.
Lapurdin, XVII. mendean, Pierre de Lancre Bordeleko Parlamentuko kontseilariak "garbiketa" izugarria egin zuen: 80 lagun sutara bidali eta 3.000 haurrengan deabruaren marka ikusi izana aireratu zuen. Lancreren aburuz, gauero 2.000 lapurtar akelarretara joaten omen ziren. Inor gutxi geratu zen jazarpen hartatik kanpo: herritarretatik hasi eta apaizeraino, sorginez josia omen zegoen Lapurdi. Horren lekuko, Haltsuko emakume batek, akelarreak, bikario eta abadeen laguntzaz, herriko elizan ospatzen zirela aitortu zuen. Hortaz, hainbat apaizek ere ospa egin behar izan zuten. Sorgina esatea nahikoa zen Lapurdin edonor epaile aurrera eramateko: salaketen %41k irain hau beste oinarririk ez zuen.
Ordurako, 1609. urte hasiera, Logroñoko Inkisizioak bazuen Zugarramurdin ustezko sorginak biltzen zireneko berria. Giroa lagun, urte bereko azaroaren 7 eta 8an Logroñoko Inkisidoreen Fede Autoa egin zen: jendea, batik bat, Zugarramurdi eta Urdazubi ingurukoa zen. Guztira, 300 susmagarri aztertu ostean, 40 bat Logroñora eraman zituzten. Berton, suaren beldurrez, epaileek entzun nahi zutena esan zuten. Azkenean, sei lagun sutan erre zituzten bizirik eta beste bost prozesuan zehar hil ziren ziegan. Haien hilotzak ere sutara eraman zituzten.  
Dena den, batzuk gehiegikeriaz ohartzen hasiak ziren. Alonso de Salazar y Frias inkisidoreak, 1612an, sorginkeria kasuetan lekukoak izandako 1.802 lagun itaundu zituen eta horietatik seik besterik ez zioten lehen esandakoaeri eutsi. Inkisidoreak idatzi zuen txostenari esker, sorginen inguruko psikosiak beherantz egin zuen nabarmen. Urte berean, esaterako, Arraiozko sorginen aurkako epaiketan, akusatuak aske utzi eta salatzaileak erbesteratu egin zituzten.

Zugarramurdiko "lekukoa"


Estevania de Iriartek 1609an egindako aitortzaren arabera, sabbat-ak, akelarreak edota petralandak Zugarramurdi inguruan ospatzen ziren batik bat, Berroskoberro zelaian, hain zuzen ere. Bertan klase sozial guztietako jendea elkartzen zen eta zita "astelehen, asteazken eta ostiral gauetan izaten zen".