'Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen’ erakusketa paratu dute EHU-ren Arabako Campusean

'Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen’ erakusketa paratu dute EHU-ren Arabako Campusean Hizkuntza gutxitu eta indigenetako kontakizun eta irudiak biltzen ditu, eta baita haien inguruko informazioa ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hizkuntza-indigenak-ama-lurra-zaintzen2019-erakusketa-paratu-dute-ehuren-arabako-campusean/@@download/image/azala-bakarrik.png
2022/02/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hizkuntza gutxitu eta indigenetako kontakizun eta irudiak biltzen ditu, eta baita haien inguruko informazioa ere.
'Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen’ erakusketa paratu dute EHU-ren Arabako Campusean

Otsailaren 21ean ospatzen den Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira, Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen erakusketa antolatu du EHUko Arabako Campuseko pabiloian. "Euskararekin batera, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea" da asmoa, "haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun".

Bioaniztasunaren eta hizkuntza-aniztasunaren arteko harremanaren inguruan egiten du gogoeta erakusketak. Panel batzuen bidez, munduan dauden hizkuntza gutxitu eta indigenen errealitatera gerturatzen du bisitaria, hizkuntza horietan idatzitako kontakizun eta irudiak baliatuz. Antolatzaileek azaldu dutenez, "galzorian dauden hizkuntzak dira gehienak, bizirauteko hamaika oztopo dituztenak, baina hiztunen lan eta gogoari esker biziberritzeko ahaleginetan ari direnak".

Irudi eta kontakizunez gain, hizkuntza bakoitzaren egoeraren inguruko informazioa eskaintzen da panel bakoitzean, eta gainera, QR kode baten bitartez, kontakizun horiek jatorrizko hizkuntzan entzuteko aukera ere bada.

Erakusketa otsailaren 24ra arte, osteguna, egongo da zabalik, 8:30etik 20:30era bitartean. 

Liburua ere bai
Garabide
elkartearen, Easo Politeknikoaren eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren arteko elkarlanaren ondorioz, Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen liburua argitaratu zen 2020an. Liburuak komunitate ezberdinetan kultura hitzak dituen esanahi ezberdinak adierazi nahi ditu, testuen eta marrazkien bidez. Bertan jasotzen diren kontaketak galtzeko arrisku larrian dauden hamaika hizkuntzatan daude idatzita, komunitate bakoitzari dagokion hegazti txiki bati lotuta, metaforikoki errepresentatuz.

Doan eskura daiteke formatu digitalean, bai euskaraz, eta bai nasa yuwez. Formatu fisikoan ere salgai da, bost euroan. Formularioa betez egin behar da eskaera.