Hizkuntza eskubideek bermerik gabe jarraitzen dutela erakusten dute Behatokiak eguneko jasotako bi kexuek

Hizkuntza eskubideek bermerik gabe jarraitzen dutela erakusten dute Behatokiak eguneko jasotako bi kexuek Herritarren 737 kexu jaso zituen Behatokiak 2019an Akuilari eta Euskararen telefonoan. Urteko txostenean jasotzeaz gain, Europako Kontseiluari igorriko dizkio. Osasungintzan, segurtasun arloan eta turismoan urraketa larriak gertatu dira 2019an, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hizkuntza-eskubideek-bermerik-jabe-jarraitzen-dutela-erakusten-dute-behatokiak-eguneko-jasotako-bi-kexuek/@@download/image/5d8b00f9-6ebc-46b9-a0f1-1a3330c6d874.png
2020/04/23
Herritarren 737 kexu jaso zituen Behatokiak 2019an Akuilari eta Euskararen telefonoan. Urteko txostenean jasotzeaz gain, Europako Kontseiluari igorriko dizkio. Osasungintzan, segurtasun arloan eta turismoan urraketa larriak gertatu dira 2019an, besteak beste.
Hizkuntza eskubideek bermerik gabe jarraitzen dutela erakusten dute Behatokiak eguneko jasotako bi kexuek

Hizkuntza eskubideen urraketak eguneroko auzia direla agerian ipini dute herritarrek, 2019an Behatokiak jasotako 737 kexuek Euskal Herri osoan zein esparru guztietan gertatzen direla erakutsi baitute, beste behin ere. Alegia, egunean bi hizkuntz eskubide urraketen berri jasotzen du Behatokiak. Hori dela eta, kexu horiek sakon aztertu ditu Behatokiak eta Hizkuntza Eskubideen Egoera 2019 txostena plazaratu du hizkuntza eskubideen urraketen argazki zehatza osatzeko. "Euskaraz bizitzeko oztopoak eta euskaraz jarduteko ezintasunak agerian jartzea da txosten honen helburua", azaldu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak.

Gainera, Behatokiaren txosten hau premiazkoa dela erakutsi du Europako Kontseiluaren Aditu taldearen bosgarren ebaluazioak. Izan ere, estatuko gobernuek kontrakoa adierazi arren, Behatokiak salatutako urraketak gertatzen direla berretsi du aditu taldeak, eta herritarrei jaramon eginez, egoera aldatzeko gomendioak luzatu ditu.

Osasungintzan ondorio larriak
Osasungintzari propio erreparatzeak merezi du, koronabirusaren krisiak inoiz baino ageriagoan utzi baitu herritarren zaintzarako duen aparteko garrantzia. Eta, ondorioz, baita osasungintzan hizkuntz eskubideak bermatzeak duen inportantzia ere. "Osasun asistentzia egokia izateko eskubideaz ari garenean, herritarren berezko hizkuntzan emandako asistentziaz ari gara", dio Gaubekak. Horregatik, "profesionalen gaitasun linguistikoak berebiziko garrantzia dauka herritarren hizkuntza-hautua bermatzeko eta herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko".

Egoera bestelakoa da, ordea. "Osakidetzako hiru langiletik batek du ziurtatuta bere lanpostuari dagokion hizkuntz profila eta Osasunbidean langile euskaldunen kopurua ez da %0,5era iristen". Ipar Euskal Herrian are makurragoa da egoera, euskara ez baita ofiziala.

Errealitate honek baditu ondorio larriak, baina. Horren adibiderik garbiena da Behatokiak jaso duen honako kexua: "Osakidetzako Arantzazu ospitale psikiatriko infantileko pertsonal profesionala erdalduna da. Nire alaba gaixotasun larriarekin ingresatu behar izan dugu eta artatu duten psikiatra eta psikologoa erdaldunak dira. Alaba euskal hiztuna da eta zailtasun batzuk ditu erdaraz hitz egiteko. Lotsagarria eta kezkagarria iruditzen zait 2019an haurren Gipuzkoako ospitale psikiatrikoan profesional euskaldunak ez izatea. Hizkuntza eskubideen beste urraketa mingarri bat gobernu honekin. Honek ezin du horrela jarraitu. Alabak jasaten duen gaixotasunaren sufrimenduaz aparte, hau jasan behar izatea negargarria da".

Osasun arloko urraketak kate osoan hedatzen dira. Telefono bidezko arreta guneetatik hasi, eta osasun langileen eguneroko errealitateraino ematen dira, txostenean azaltzen denez.

Segurtasun indarrei beldurrez
2019an segurtasunaren alorrean izandako hizkuntza eskubideen urraketengatik herritarrek aurreko batzuetan baino ondorio latzagoak jasan dituzte, batik bat mozal legearen ezarpenarengatik. Hala erakusten dute txostenean jasotako ertzainei, foruzainei, estatuetako poliziei zein herri desberdinetako udaltzainei zuzendutako herritarren kexek. Izan ere, "herritarrek nabarmentzen dute euskaraz komunikatu nahi izatea eskatzeagatik erantzun txarrak zein oldarkorrak pairatu dituztela", zehaztu du Gaubekak. "Herritarrak kasu askotan ez dira ausartzen beraien hizkuntz eskubideekiko errespetua eskatzen, albo-kaltea izango dutelakoan". Horregatik, herritarren eskubideak betearazteko "oztopo gehien dituen sektorea" dela gogorarazi du Gaubekak.

Azpimarratzekoa ere bada arlo honetako langile elebidun eta elebakarren arteko desoreka. Ertzainen %45ak dute egiaztatuta gutxiengo hizkuntz gaitasuna, Ertzaintzaren arabera. Nafarroako Justizia eta Barne Departamentuan %0,1 dira. Eta udaltzainen kasuan, desorekak bere horretan jarraitzen du zenbait udalerritan, plaza berrietarako deialdietan ez baita hizkuntz eskakizunik egiten. <<Adibidez, Gasteizen 2019an atera ziren plazen %62ak ez du derrigortasun datarik edo Barakaldo bezalako udaletako urte bereko plazetan %95ak>>.

Justiziaren esparruan egoera parekoa da: erdara da jaun eta jabe, eta itzulpenak egiteko baliabideak ipintzen direnean, euskalduna bereizkerian erortzen da sortzen diren arazo eta denbora epeen ondorioz. "Behatokia bere sorreratik ari da egiaztatzen justiziaren eremua beltzune dela euskaldunon eskubideen bermeari dagokionez, eta hainbatetan beste eskubide batzuk ere urratzen direlako, besteak beste, defentsa-eskubidea edo babes eragingarrirako eskubideak".

Turistak gure herrian
Turismoaren ikuspegi jakin batek gure herri eta hirietako hizkuntza paisaia eraldatu du. Erakunde publikoek bultzatutako egitasmoei ingelesezko izena jartzeko ohitura hedatzen ari da, esaterako (BBK Live, Bay of Biscay Festival, Tunna World Capital, Biarritz Film Festival...). Ostalaritzan ere joera beretsua dela erakusten digute jasotako kexuek, taberna, jatetxe zein alojamenduetan gero eta urriagoa baita euskararen erabilera. <<Turismoari begirako zerbitzuetan kanpora begirako hizkuntzak kontuan hartzen dira, baina ez da kontuan hartzen zerbitzu berdinak euskal herritarrek ere kontsumitzen dituztela. Euskal Herrian barne-mailako ‘turismo’ edo aisiarekin lotutako zerbitzuetan euskal herritarrei zuzendutako zerbitzuaren kalitatea hizkuntza eskubideek ere berma ditzake".

Hau guztiagatik, herritarrak "hizkuntz eskubideen bermea exijitzeko gitza" direla azpimarratu du Behatokiko zuzendariak. "Beraien eskubideak zeintzuk diren jabetzeaz gain, eskubide hauen errespetua eskatzeko oinarrizkoak dira". Izan ere, alde batetik, Behatokiak euren kexuak jaso eta dagokion erakunde, enpresa nahiz zerbitzura jotzen du egoera hori aldatzeko neurriak eskatuz. Horri esker, adibidez, IKEA enpresa katalogoa euskaraz eskaintzen hasi da. Eta, bestetik, Europako kontseiluari urtero helarazten dizkio urraketak, egoeraren argazki erreala izan dezan. Hain zuzen ere, ondoren Europako Aditu Taldearen ebaluaziorako erabilgarria izan dadin.

Herritarrei ahotsa emateko hauek dira Behatokiaren bideak: Euskararen telefonoa, webgunea zein arreta zerbitzua (948 14 61 72) eta Akuilari aplikazioa. Honekin batera "herritar eragileak" behar ditugula gogorarazi du Gaubekak.