Hitanoa sustatzeko ekimena jarri dute martxan Durangaldeko Berbalagunek

Hitanoa sustatzeko ekimena jarri dute martxan Durangaldeko Berbalagunek Hitanoz hitz egiten ikasi eta praktikatzeko Hiketalagun taldeak sortuko dituzte. 'Poltsikorako hitanoa' liburuxka ere argitaratu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hitanoa-sustatzeko-ekimena-jarri-dute-martxan-durangaldeko-berbalagunek/@@download/image/hitano berbalagun.jpeg
2021/06/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hitanoz hitz egiten ikasi eta praktikatzeko Hiketalagun taldeak sortuko dituzte. 'Poltsikorako hitanoa' liburuxka ere argitaratu dute.
Hitanoa sustatzeko ekimena jarri dute martxan Durangaldeko Berbalagunek

Durangaldean hitanoz naturaltasunez egiten duten herritar gehienek 70 urtetik gora dituzte eta, salbuespenak salbuespen, gazteagoen artean ez dago hitanoan aritzeko ohitura handirik. Egoera ikusirik, Durangaldeko Berbalagunek eskualdeko hitanoaren erabilera sustatzeko bi egitasmo jarri dituzte abian: Hiketalagun taldeak eta Poltsikorako hitanoa liburuxka.

Hiketalagun taldea hitanoz hitz egiten ikasteko eta praktikatzeko gunea izango da. 2020ko abenduan 40 lagunek baino gehiagok eman zuten izena taldean parte hartzeko. Urtarrilean ziren hastekoak baina atzeratu egin behar izan zuten osasun egoera zela eta. Uda ondoren berriz zabalduko dute izena emateko epea. Hitanoz aritzeko taldeak sortu aurretik hilabeteko ikastaroa jasoko dute parte-hartzaileek. Ikastaroa zein taldearen jarduna doakoa izango da. 

Honetaz gain, Poltsikorako hitanoa liburuxka kaleratu dute, Hiketalagun taldeen osagarri. Durangaldeko hitanoan berba egiteko beharrezko azalpen guztiak ageri dira bertan: noiz eta nola erabili, aditz-taulak… Formatu digitalean ere eskura daiteke. Liburuxka osatzeko eta ikastaroa emateko, hitanoak izandako hiztun-galerarekin kezkatuta dauden iurretar batzuen laguntza jaso dute.

Bertso-saioa igandean
Egitasmoa biribiltzeko, Berbalagun egitasmoak, Iurretako jai batzordearekin batera, bertso-saioa antolatu du ekainaren 20an Iurretako plazan, 18:00etan. Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Eli Pagola eta Eneko Abasolo “Abarkas” hiketan ariko dira, eta gai-jartzailea Maite Berriozabal izango da. 

Beste herrietara zabaltzeko aukera
Durangaldean egin den bezala, AEKren Praktikatu zerbitzuko kideek Hiketalagun programak abiatzen jarraituko dutela iragarri dute. Programa martxan jarri edo hitano liburuxka bat argitaratzeko interesa izanez gero, eurekin harremanetan jartzeko deia egin dute.