Historia eta bitxikerien erakusgarri

Historia eta bitxikerien erakusgarri https://www.gaztezulo.eus/albisteak/historia-eta-bitxikerien-erakusgarri/@@download/image/52p22-1_1366749670.jpg
2005/05/06
erreportajea
Olatz Lasagabaster
Historia eta bitxikerien erakusgarri
Istorio txikiek osatutako historia azaltzen dute maiz, edo istorio txikiak, besterik gabe. Bitxikeriak, hainbat objektu… gure arbasoen bizimoduan bidaiatzeko aukera ematen digute, Euskal Herritik mugitu gabe. Gure museoez ari gara. 

ARABA
Artium
Gasteizko museo honek arte moderno eta garaikidearen bilduma handia du. Bertako bilduma iraunkorrak, Euskal Herriko eta estatu espainiarreko arte garaikidea jasotzen du. Egun, ikusgai dituzten erakusketak hauek dira: "Mezu gurutzatuak. Denboraren esparruan errealitatearekin mintzatuz",  "Marina Abramovic. Count on us" eta "Gauzen egoera". (Sarrera doan 14 urtetik behera. Asteazkenetan: "Zuk nahi duzun tarifa", 0,01 eurotik aurrera).

Naipeen Fournier museoa
Heraclio Fournierrek 1868an jarri zuen naipe lantegia Gasteizen. Haren biloba, Felix Alvaro Fournier, 1916an hasi zen mundu osoko kartak biltzen, eta kartak egiteko eta inprimatzeko teknikak ikertzen. Museo honetan, bost kontinenteetako kartak ikus daitezke XV. mendetik hasi eta XX.era heldu arte. (Doan)

BIZKAIA
Baserriaren euskal museoa
Bizkaiko bihotzean, Arratia eskualdeko Artea herrian,  Baserriaren euskal museoa dago. Baserritarren bizitzaren inguruko kontu guztiak ezagutzeko aukera ematen du: sukaldea, gelak, lanak… museoaren kanpoaldean, berriz, nekazaritzarako tresnak ikus daitezke. Baserria Euskal Herrian aberastasun iturri izan dela gogorarazi nahi du museoak. (Sarrera ordaindu behar da)

"Jose Luis Goti", Medikuntzaren eta Zientziaren Historiaren Euskal Museoa
Unibertsitatean dago, EHUren Leioako campusean. Medikuntza tradizionala, farmazia, esterilizazioa eta X izpiei buruzko informazioa ematen du, besteak beste. Museo aproposa da medikuntza eta zientzian erabili izan diren hainbat tresna ezagutzeko. Artxibo garrantzitsuez gain,  8.000 objektu eta 7.000 bat liburu ditu. (Doan)

GIPUZKOA
Zientziaren Kutxaespazioa
Kutxaespazioa zientzia zabaltzeko xedeaz jaio zen, eta informazio zientifikoa modu erakargarrian erakusten du. Bisitariek teknikaren inguruko jardueretan parte hartzea nahi dute, eta horretarako, besteak beste, erakusketa iraunkorreko aretoak, aldi baterako erakusketetako aretoak, astronomia-behatokia eta multimedia-planetario digitala dituzte. (Ordaindu behar da).

Mineral eta fosilen museoa

Bitxia da Urretxuko museo hau. Museoko pieza gehienak Nicasio Aguadok herriko udaletxeari emandako mineral eta fosil bilduma pribatukoak dira. Zientzia mineralogikoaren nondik norakoak azaltzen ditu, eta fosilak erakusteaz gain, etapa geologiko bakoitzean gertatutako aldaketen berri ematen du. 1.000tik gora pieza ikus daitezke. (Doan)

Trenbidearen museoa

Trenbideak garrantzi handia izan du Euskal Herrian, eta hori erakutsi nahi digu museo honek. 73 ibilgailu daude ikusgai, eta horietako askok funtzionatu egiten dute gainera -museotik, Lasaoko tren geltoki zaharreraino bidea egin daiteke-. Trenaren munduarekin zerikusia duten hainbat objektu ere bildu dituzte. (Sarrera doan. Trenean ibiltzeko ordaindu behar da).

NAFARROA
Oteiza museoa
Jorge Oteiza eskultorearen bilduma hartzen du bere baitan Altzuzako museoak. Bilduman 1.650 eskultura, Oteizaren laborategi esperimentaleko 2.000 pieza, eta marrazki eta collage asko ikus daitezke. (Doan ostiraletan, ikasleek 1'50 €)

Orreagako museoa

Orreagako kolegiataren arte sakratu bilduma ikus daiteke bertan. Beste gauza askoren artean, "Carlomagnoren xakea" izenez ezaguna den erlikia-ontzia, eta 1212. urtean Navas de Tolosan izandako borrokaldian Antso Indartsua erregeak irabazitako esmeralda ikus daitezke. (Gazte txartela onartzen dute).

LAPURDI
Baionako euskal museoa
Museo etnografiko hau Baionako gazteluan dago. Euskal Herriko bizimoduarekin lotutako hainbat atal ditu: laborantza, bizitza, itsasoa, jazkera, musika, erlijioa… (18 urtetik beherakoentzako doan).

Asiatica

Euskal Herritik mugitu gabe, Ekialdeko artea ezagutzeko aukera eskaintzen digu Miarritzeko Asiatica museoak. India, Txina, Tibet eta Nepalen egindako artelanak ikus daitezke, 5.000 urteko historia laburbilduz. (Sarrera ordainduta)

Bapo egiteko moduan


Euskaldunon ezaugarrietako bat ongi jatea izan da beti, eta museoetan ere islatzen da hori. Laudioko Zubiko Etxean dago Gastronomiaren Euskal Museoa, euskal gastronomia akademiaren egoitza ere badena.

Tolosan, berriz, "Xaxu” izeneko gozogintza museoa dago. Izen bereko gozotegia itxi zuenean, Jose Mari Gorrotxategik gozoak egiteko erabili izan diren tresnak jaso zituen (euskal artisauek egindakoak dira gehienak). Bildumak atalka sailkatuta daude: kafea, labeak, izozkiak, txokolatea… Eta txokolateaz ari garela, Miarritzeko Txokolatearen Museoa aipatu behar. Txokolateari buruz jakin nahi dugun guztia eskura dugu hemen: historia, teknikak