Hipster zahar haiek

Hipster zahar haiek https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hipster-zahar-haiek/@@download/image/hipster_1403865936.jpg
2014/07/07
erreportajea
Testua: Leire Palacios @annieSdelMono
Han eta hemen erabiltzen dugu hipster hitza, baina ba al dakigu nondik datorren edota zer esan nahi duen?


‘Moderno’ eta ‘berri’ terminoek ez dute zertan beti bat etorri, egungo hipsterizazio joerak erakusten duen bezala. Izan ere, pastazko betaurrekoez gain, egungo hipsterrak 1940an ezarritako esterotipoak jarraituz janzten dira. Kontzeptua sortu zenetik eboluzionatuz joan da, eta 2000. urtetik aurrera eman zaion esanahia asko urrundu da jatorrian zuenetik. Hala ere, badira mantendu diren bi ezaugarri: hitz ezkorra izaten jarraitzen du eta ‘hip’ erroak aurrerakoi esan nahi du kale hizkuntzan. Hala, iraganean zein gaur egun, hipsterrak boladan dagoen artearen ehiztariak, kontsumitzaileak eta kritikoak dira; oro har, ez dute arterik ekoizten.
Kontzeptua Ameriketako Estatu Batuetan sortu zuten, ‘hepcats’ hitzetik eratorrita, eta lehenengo ordezkaria Harry The Hipster Gibson izan zen, 1915ean jaiotako jazz musikari eta konpositorea. 40ko hamarkada hartan, kultura afroamerikarraren zaleei esaten zitzaien hipster, alegia, jazz musikaren inguruan zebiltzanei.
50eko hamarkadan, II. Mundu Gerrak eragindako astindu sozio-ekonomikoaren ostean, Jack Kerouac idazleak kontzeptua eraldatu zuen, eta hipsterrak sentsibilitate bereziko nomada bezala deskribatu zituen; instituzionalizaziotik at ekoizten zen artearen maitaleak ziren. Ideologia politiko ezkertiarra zuten, gentrifikazioaren aitzindariak izan ziren, sexu askatasuna aldarrikatzen zuten eta drogekin harreman estua zuten; batez ere azidoa eta opioa kontsumitzen zituzten. Oro har, esperimentazioa zuten ardatz, zentzu fisiko zein metafisikoan. Horrela geratu da jazota Kerouac, Burroughs, Ginsberg, Cassady edota Beat belaunaldia osatu zuten gainerako idazleen lanetan. 
Artista belaunaldi horren garaian, hamarkada bat geroxeago, eta Vietnameko Gerrarekiko erreakzio gisa, hippieak hasi ziren loratzen. Ez da kasualitatea, izan ere, ‘hippie’ hitza hipsterretik eratorri zen, beste mugimendu kontrakultural bat izanik. Hipsterren ikuspuntutik begiratuta, balio handirik gabeko subkultura zen hippiena, irizpiderik gabe boladan zegoen kultur ekoizpenaren jarraitzaile baketsu, drograzale eta kode estetiko jakin batzuen menpekoak.
AEBetan hipster mugimenduak bizirik jarraitu zuen arren, gurean ez genuen euren berri izan 2000. urtera arte. Hala ere, ezin esan gaur egun hipster deritzegun horiek jatorrizkoen esentzia mantentzen dutenik. Orain, hipster izatea azaleko kontua da; estetika jakin bat jarraitzen duen jendea izendatzeko erabiltzen dugu hitza, janzkera bohemio eta vintage-a daramaten eta musika indierik komertzialena jarraitzaitzen dutenak sailkatzeko. Bestalde, itxurak egite horrek badu azpian beste arrazoi bat, izan ere, hipsterrak erdi eta goi mailako gizarte estamentuetako pertsonak ziren, alegia, erosteko ahalmen altuko jendea. Hala ere, urteek ez dute terminoaren esentzia aldatu: hitz ezkorra izaten jarraitzen du, eta horregatik, benetako hipster batek ez du sekula hipsterra dela onartuko. Are gehiago, hipsterismoa modan dagoenez, mainstream bilakatu denez, benetako hipsterra ezaugarri bateratzaileetatik aldenduko da.
Urtero-urtero bere janzteko era modan dagoen estiloaren arabera ezaugarritzen duen jendeak gustura hartu duen etiketa da. Hortik irudiari erreferentzia egiten dion postureo kontzeptua. Hipster berriek eurentzat hartu dituzte zenbait sinbolo, besteak beste, bizarra, bibotea, koadrodun alkandora edota irudi geometriko soilak. Azken horietatik hiruki ekilateroa da indar handiena duen sinboloa; armonia, jainko izaera eta proportzio perfektua ordezkatzen ditu. Esanahi anitz ematen zaizkio, hala nola, hirutasuna, hau da, zerua, lurra eta pertsona. Punta gora begira badago maskulinitatea adierazten du, eta behera aldiz, feminitatea.

Mipsterzak
Oinarriak mantendu arren, etengabeko aldaketa estetikoan daude egungo hipsterrak. Hori dela eta, hainbat azpi-mugimendu sortzen ari dira, esate baterako, islamdar erlijioa jarraitzen duten Mipsterzak. Gizonei ere esaten zaien arren, gehienbat hijaba hipster estiloan integratu duten emakume taldea dira. Pamela Geller blogari eta iritzi sortzaile anti-islamdarraren kontrako erreakzio gisa agertu ziren Mipsterzak AEBetan, euren kultura eta erlijioaren modernizazioa aldarrikatzeko.
Hipster hitzaren hedapen eta desitxuraketara nola heldu garen ulertzeko hainbat gako daude. Behin eta berriz jasotzen ari garen mezua da oraingoa ‘Ni’-aren aroa dela; nahiz eta gure belaunaldiaren ezaugarriak aztertzeko beharrezkoa den distantzia guk geuk ezin hartu. Hala, oinarrizko beharrak ase dituen gizartea da gurea, barnea analizatu eta self-a elikatzera dedikatzen dena, egoera emozional pertsonala herriko zein Interneteko plazetan hedatzen duena. Horretaz gain, dirudienez, jakintza mailak definitzen du orain nortasuna, horren arabera kontsumitzen dugu kultura, eta burges txiki jakintsuen itxura egitea dugu helburu.
Beraz, aurrez aurreko erakusleihoan elitearen parte garela agertzeko modu bat da hipster estetika. Identitate digitala eraikitzeko, ordea, pastichea erabiltzen dute hipsterrek, hau da, kontsumitzen dituzten eduki kulturalak sare sozialetan partekatzen dituzte, eta lantzean behin zerbait sortzen dute. Ondorioz, gizartetik bakantzeko baino gehiago berdintzeko bidea izan daiteke gaur egungo hipster joera. Alde batetik, hipster estetika bereizgarriak edonon eskuragarriak direlako, eta bestetik, ekintza kulturalak burutzeko hiri eta herrietako leku berezien bilaketa gentrifikazio fenomenoaren oinarrietako bat delako.

Liburu gomendioak


- Kulturaren gaineko gogoeta:
Culture in a Liquid Modern World. (Zygmunt Bauman, 2011).

- Klasiko hipsterra:
Howl. (Allen Ginsberg, 1956).
(Harkaitz Canok euskarara itzulitako Ulua poema Susaren atari digitalean aurki daiteke).

- Hipster garaikidea:
How Should a Person Be?