Hileten azkena

Hileten azkena Heriotzarekiko dugun harremana aldatzen doa, baina gizateriaren hastapenetatik praktikatu dira hildakoak agurtzeko erritoak. Orain arte? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hileten-azkena/@@download/image/20071224funeraldivide.jpg
2019/09/18
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Heriotzarekiko dugun harremana aldatzen doa, baina gizateriaren hastapenetatik praktikatu dira hildakoak agurtzeko erritoak. Orain arte?
Hileten azkena

Maite dugun norbaitek betirako uzten gaituenean, ia automatikoki gizarteak urtetan ikasitako erritoak jartzen dira martxan. Gurean, esaterako, gaubeila egingo dute ziurrenik, ondoren lurperaketa eta azkenik, azken agurra emateko meza. Sinesdunak ez badira, aldiz, azken urtetan asko ugaritu dira errito katolikorik gabeko hiletak. Kontua da, gizakiak hasieratik izan duela heriotzaren labankada bortitzaren aurrean nola edo ala agur esan eta kontsolamentua bilatzeko beharra. Orain arte behintzat. 

Europako hainbat herrialdetan hiletak egiteari utzi diote, bai erlijiosoak eta baita ez erlijiosoak ere. Lurperatzeko bilera txiki bat besterik ez da egiten; bertan hitz gutxi batzuk esaten dira (ez beti), eta kitto. Ez da bestelako erritorik praktikatzen. Suedia da adibiderik garbiena; bertako prentsak adierazten duenez, zeremoniarik gabeko hobiratzeak nabarmen hazi dira, dela erlijiosoak edo zibilak. Datuen arabera, azken urteetan hiletarik gabeko lurperaketak %2tik %8ra igo dira. Hala, hildakoak ospitaletik zuzenean errausketa-labera igarotzen dira, gaubeilarik gabe, eta kasu askotan, errautsak hilerri anonimoetan zabaltzen dituzte, senideen presentziarik gabe. Ondoriorik gabeko heriotza, dolurik gabekoa. 

Zergatik? Arrazoi nagusia fede erlijiosoaren gainbehera da. Hain zuzen, Suedia Europako herrialdeen artean erlijio kristaua praktikatzeari gehien utzi dion herrialdea da; horregatik, orain arte normaltzat hartu diren hileta errito kristauek ez dute bertako biztanleen sentimenduekin bat egiten. Hala, ohiko errito horiek zokoratu eta maitatu diren horiek beste modu batera agurtzen hasi dira, hildakoen nahiei jarraika eta erlijiotik at dauden zeremonia txiki eta intimoak ospatuz. Suediarrak ez dira bakarrak; Islandia, Erresuma Batua edota Estonia joera berri honen eredu dira ere. Azken herrialde horretan, 26 urtetik beherako biztanleen %90 ateoak dira. Baina erlijioaren gainbeherarekin batera bada hiletarik gabeko lurperatze horien beste arrazoi bat; bakardadea. Hain zuzen, suediarrak dira bakardadea gehien pairatzen duten herritarrak; horregatik, azken agur hori eskainiko dien gertukoak topatzea ez zaie beti erraza.