Hilerriei prestigioa emateko argazki lehiaketa antolatu du Bilboko Udalak

Hilerriei prestigioa emateko argazki lehiaketa antolatu du Bilboko Udalak Igande goizetik eguerdira aterako beharko dira hilerriekin lotura duten argazkiak. Poesia errezitaldia ere egingo dute eguerdian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hilerriei-prestigioa-emateko-argazki-lehiaketa-antolatu-du-bilboko-udalak/@@download/image/bilbo hilerri.png
2022/04/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Igande goizetik eguerdira aterako beharko dira hilerriekin lotura duten argazkiak. Poesia errezitaldia ere egingo dute eguerdian.
Hilerriei prestigioa emateko argazki lehiaketa antolatu du Bilboko Udalak

Hilerriarekin zerikusia duten argazkirik onenak sarituko ditu lehiaketak, irudi bidez gunea sustatzeko eta prestigioa emateko. Hala, Bilboko Udal Hilerriaren kultura eta arkitektura, arte, eta paisaia-ondare aberatsa sustatu eta nabarmendu nahi du udalak. 

Lehiaketaren gaia hileta-artea izango da, bere adierazpiderik zabalenean. Arreta jarriko zaie, bereziki, gune hartako monumentu, paisaia eta berezitasunei, hileta-sinbologiari, eta hilerriaren ondare-balioari, eta baita "Bilboko Udal Hilerrian nagusi den bake eta harmonia sentsazioa" irudikatzeari ere.

Ekimena goizeko bederatzietan hasiko da eta goiz osoan zehar luzatuko da, ordu biak arte. Parte-hartzaileek, gehienez ere, bi lan aurkeztu ahalko dituzte lehiaketara, tarte horretan sortuak beti ere. Izen-ematea itxita dagoela jakinarazi du Udalak. 

Poesia eta musika klasikoa
Eguerdiko hamabietan Asociacion Artistica Vizcaina elkarteak doako errezitaldia eskainiko du hilerriko kaperan. Hemezortzi olerki errezitatuko dituzte Maria Jose Dominguez, Maria Blanca Tinquero eta Jose Ramon Lopezek. Euskal poeten lanak izango dira denak,  besteak beste, Javier de Bengoetxea, Blas de Otero, Gabriel Aresti eta Gabriel Celayarenak.

Olerkiak irakurtzeaz batera, Zuriñe De Diegok, biolinarekin, eta Miren De Diegok, biolarekin, Joaquin Rodrigoren Aranjuezeko Kontzertuaren Adagioa, Johann Pachelbelen Canona, eta Luigi Boccheriniren Musica notturna delle strade di Madrid (Madrileko Kaleen Serenata) joko dituzte, besteak beste.

Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da emanaldia.