Hil arte dantzatzea eta beste zenbait psikosi kolektibo

Hil arte dantzatzea eta beste zenbait psikosi kolektibo Ehun pertsona baino gehiago, sintoma berdinekin, existitzen ez den gaixotasun edo krisi batengatik: psikosi kolektiboak dira eta pasarte absurdoak utzi dituzten historian zehar. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hil-arte-dantzatu-eta-beste-zenbait-psikosi-kolektibo/@@download/image/masas-de-gente-1.jpg
2019/09/13

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Ehun pertsona baino gehiago, sintoma berdinekin, existitzen ez den gaixotasun edo krisi batengatik: psikosi kolektiboak dira eta pasarte absurdoak utzi dituzten historian zehar.
Hil arte dantzatzea eta beste zenbait psikosi kolektibo

Irudikatu existitzen ez den, baina pertsona talde batek baietz uste duen gaixotasun, izurrite edo krisi bat. Guztiak sintoma berdinak sentitzen hasten dira, nahiz eta absurdoa izan. Fenomeno soziopsikologiko honi psikosi edo histeria kolektiboa deitzen zaio eta historian zehar hainbatetan eman izan da jazoera erabat aldrebesak utziz.

Dantzaren izurritea
Historiako koreomaniarik handiena, eta beharbada inoiz gertatutako epidemiarik arraroena. Estrasburgon gertatu zen 1518an. Guztia emakume batengatik hasi zen. Frau Troffea, garaiko kronikek diotenez, kalean dantzan hasi zen. Bera bakarrik hasi zen, baina hilabete bukaerarako 400 pertsona zeuden kalean dantzan. Gehienak bihotzekoak emanda, nekearen eraginez edo buruko isuriengatik hil ziren, etengabe, atsedenik gabe ariketa egiteagatik. Ez dakigu zerk eragin zuen pasarte hau. Garaiko kronikek uste zuten taldean egindako dantza naturaz gaindiko gaizkia zela eta beharbada, hain justu, taldean dantzatuz senda zitekeela. Horregatik, orduko agintariek oholtza bat eraiki zuten eta baita orkestra ekarri ere dantzari horiei laguntzeko.

Ez da ordea, dantzaren izurritearen kasu bakarra. Zenbait aurrekari ezagutzen dira; adibidez XIII. mendean Maastricht-en (Herbehereak) ere gertatu zen, nahiz eta pertsonen kopuru erdiarekin. Hori bai, parte hartutako pertsona guztiak, hau da 200 pertsonak, hil ziren nekeagatik edo, zubi baten gainean dantzatzen ari zirenez, zubia euren hanken azpian hautsi zelako.

Barrearen izurritea
Tanzanian gertatu zen 1962. urtean. Barnetegi batean hasi zen hiru neskekin, baina berehala zabaldu zen eta 159 ikasletatik 95 kutsatuak izan ziren barreagatik. Kontzentratu ezin zirenez barre algarengatik, 16 egun pasa ostean, eskola itxi zen eta ikasleak euren sortzeko herrietara bidaliak izan ziren. Barrea denei kutsatu zieten: guztira hamalau eskola itxi ziren eta 1000 pertsonei eragin zien. Etengabeko barreak arnasketa arazoak, giharretako minak, antsietate atakeak eta negarra ekarri zituen. Azkenik, besterik gabe barre egiteari utzi zioten eta ez zen heriotzarik izan.

Kasua askotan ikertua izan da. Leonhard Schilbach psikologoak kasua erabili zuen barreak kutsakorra izateko erabiltzen duen prozesu neuronala aztertzeko. Alta, Peter McGraw sozioloak eta Joel Warner kazetariak uste dute kondaira bat dela eta barrealdien eragina handitua izan zela.

Hollinwell-eko gertakaria
1980an, Ingalaterran, 300 haur zorabiatu ziren inongo azalpen medikorik gabe. Eskolen arteko lehiaketa kultural batean zauden, goizeko 10:30ak ziren, eta denak bilduta zeudenean zorabiatzen hasi ziren progresiboki, domino piezak bailiran, kutsakorra balitz bezala. Bertako haur batek azaldu zien kazetariei hezurrik ez balu bezala sentitu zela eta orduan erori egin zela. Gertatukoaren inguruan tesirik ez baldin badago ere BBC kateak 2003an esan zuen landa guneko pestizidek eragina izan zezakeela lehen zorabioan, beste guztiak argitzeke daude.

Halifax-eko labankadak
Halifax (Erresuma Batua), 1938. urtea. Labana batekin armatutako gizon batek pertsona batzuei erasotu zien herrian, gehienak emakumezkoak. Serieko erasotzaile oso aktiboa zen. Herria panikoan sartu zen eta herritar gehienek antsietate atakeak pairatu zituxten: histeria kolektiboak sortzen duen osagai nagusia.

Polizia iritsi zenean konturatu zen labankadaka erasotzen ari zen gizona ez zela existitzen. Zenbaitzuk sortutako asmakizuna izan zen, euren buruei zauriak eginez, eta giroan zegoen panikoagatik biktima gehienek pentsatu zuten erasotuak edo akosatuak izan zirela inoiz existitu ez zen gizon batengatik.

Lau pasarte hauek ez dira historiako bakarrak. Gales eta Ingalaterran milaka hiritar armatu ziren pentsatzen zutelako Irlandak erasotu egingo zituztela. Ez zen inoiz horrelakorik gertatu, noski. Edota Salem-en, sorginen aurkako epaiketetak burutu ziren pentsatzen zelako emakume horiek herria sorgindu zutela.

Kasu hauek erakusten diguten zein zaurgarriak gauren influentzia sozialera. Existitzen ez diren sintomak eta oroitzapenak sortu ditzakegu muturreko antsietateak eta alarma sozialak jota. Beraz, hausnartu apur bat honetaz: ez al duzu inoiz nahi ez zenuen zerbait egin, modu ia oharkabean, inguruak behartu zaituelako?