Hi(ZKI)bridoak ekimenaren hirugarren edizioa Bilboko Berreginen Museoan egingo dute udazkenean

Hi(ZKI)bridoak ekimenaren hirugarren edizioa Bilboko Berreginen Museoan egingo dute udazkenean Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako laguntza-deialdia ere irailean egingo dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hi-zki-bridoak-ekimenaren-hirugarren-edizioa-bilboko-berreginen-museoan-egingo-dute-udazkenean/@@download/image/Hizkibridoak.jpg
2022/07/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako laguntza-deialdia ere irailean egingo dute.
Hi(ZKI)bridoak ekimenaren hirugarren edizioa Bilboko Berreginen Museoan egingo dute udazkenean

Udazkenean, irailetik azarora, jarriko dute abian Hi(zki)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren hirugarren edizioa eta aurtengoan lekualdaketa egingo dute. Izan ere, Euskararen Etxean egingo diren obrak direla eta, Bilboko Berreginen museoan izango dira ekintzak.

Irailaren 22an emango diote hasiera egitarauari, Ana Galarragaren eta Pettiren Frankenstein agurgarria emanaldiarekin. Mary Shelleyk idatzitako Frankenstein liburua hartu, eta esperimentu zientifikoekin, Despentensen pentsamenduarekin, feminismoarekin eta beste hainbat elementurekin nahastuko du Galarragak. Horri Pettiren musika gehituko zaio. 

Hurrengo hitzordua urriaren 6an izango da, Itziar Ugarte eta Mikele Landaren eskutik. Gu gabe ereBiharamunean izenburupean, 
Ugarteren Gu gabe ere liburuaren eszena gaineko hedatzea da emanaldia. Poemei ikus-entzunezkoak erantsi dizkiete, "hegal modura batzuetan, aingura lez besteetan". 

Ane Labaka, Miren Agur Meabe eta Miren Amurizak Trinitatearen misterioak bertso-saioa literarioa eskainiko dute urriaren 26an. 
Meabek akuilatuta, kantuan jardungo dute Amurizak eta Labakak. Hiruren lur partekatuak arakatuko dituzte, narrazioak eta bertso jarriak zein bat-batekoak tartekatuz.

Azkenik, azaroaren 10ean, Mejillon Tigreren Hitz esana emanaldia izango da. Irakurketa dramatizatua izango da, erritmoa, esan nahi dena eta esateko modua, poesia, musika, gorputz adierazpena eta performancea uztartuz. 

Ekitaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira eta sarrera doakoa izango da. 

Hi(ZKI)bridoak laguntzaren bigarren deialdia
Horrekin batera, euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntzaren bigarren deialdia egingo dute irailean. Hautatutako proiektuak 3.000 euroko saria izango du 2023ko Hi(ZKI)bridoak zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko.