Hesian: “Ezin dugu isilik geratu”

Hesian: “Ezin dugu isilik geratu” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hesian-ezin-dugu-isilik-geratu/@@download/image/91p82hesian.jpg
2008/12/05
elkarrizketa
"Herriaren Oihua" izena du Hesianen lehen diskoak. sakanako zortzikoteak bizi duen momentu gozoa bertatik bertara ezagutzeko, Fran taldekidearekin solastu gara.

90eko hamarkadako hardcore melodikoaren eragina duzuela esatea, asko esatea al da?
Talde haietatik edan dugu, No Use For A Name taldearen bertsioa lekuko. Baina, pentsa zortzi lagunengandik zer atera daitekeen! Bertsioa  norena den jarri ez bagenu, lasai asko pentsa ziteken kantu propioa zela. Eta handiusterik gabe diot, kontuz.

Nola sortu zen Hesian?

2006an, inolako helbururik gabe, baina ez genuen ohiko formazioa osatu nahi. Zerbait berezia egin nahian, Ametsengana jo genuen eta baiezkoa eman zigun. Garai bertsuan sartu zen Erik, bigarren gitarrajolea. Gero Karlos, Igortxo eta Eneko batu ziren haize sekzioarekin, Euskal Herriak Autodeterminazioa abestia egiteko proposamena egin zigutenean.

Lezoko Topaguneko kanta ere egin zenuten.

Bultzada handia izan zen, inflexio puntua. Aurretik bagenuen nolabaiteko sona, baina abestiak ate asko zabaldu dizkigu. Izugarria izan zen Topaguneari doinua jartzeko aukera izatea.

Salaketa kutsua dute zuen abestiek, arazorik izan duzue?

Oraingoz ez, baina, izanda ere, ezin dugu isilik geratu. Bizi dugun egoera politikoak ezinbesteko egiten du gure hitza lehen lerroan mantentzea. Aldarrikapena beti izan da beharrezko, eta zer esanik ez orain.

Batetik bestera zabiltzate, jo eta su.

Serio samar hasi ginenetik, duela urte eta erdi edo, 90 bat kontzertu eman ditugu, eta orain astebururo dugu baten bat. Horrela jarraituko ahal dugu!

Atzerrira joateko asmorik baduzue?

Berezkoa dugu mugitzeko gogoa: jo, mugitu eta zabaldu. Espainian behin izan gara, Madrilgo Gruta 77 aretoan, eta Katalunian hirutan.

Zein talderekin joko zenukete gustura?

Txikitan galdetu bazenit, Su Ta Gar erantzungo nuke, baina haiekin arituak gara Andoaingo Gaztetxean. No Use for a Name, NOFX, Bad Religionekin...  hala ere, ez dugu halako anbiziorik. Kontent gara emandako kontzertuekin, eta aski dugu horietan ezagututako taldeekin.