Herriz herri

Herriz herri https://www.gaztezulo.eus/albisteak/herriz-herri/@@download/image/9p24-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Herriz herri
Latza da gero udan herriz herri parrandan ibili beharra! Ez dago eskubiderik. Zeuen ibilibidea osatu, aberastu eta zabal dezazuen, hona hemen zenbait proposamen. 

1. Ekainak 3 - Bergara (Pentekoste jaiak). Bitorianatxoaren jaitsierarekin hasten dira jaiak. Goizeko 09.00etako entzierroak nabarmentzekoak dira. Ez dituzte txosna asko jartzen, baina tabernetan parranda giroa izaten da.
2. Ekainak 24 - Arbizu (sanjoanak). Arbizuarrek "sanjanak" esaten diete festei. Beraz, egun santu osoa jan eta jan. Arratsaldero, lagun koadrilek herria mahaiez bete eta "beendubek" (meriendak) egiten dituzte. Sakanako lehendabiziko jaiak direnez, jende asko ibili ohi da.
3. Uztailak 2 - Usurbil (santaixabelak). Festa herrikoiak ditugu honako hauek. Giro euskalduna eta abertzalea. 
4. Uztailak 22 - Bermeo (madalenak). Jaiotan, bermeotarrek Izaro irla beraiena dela gogorarazten diote mundu osoari. Azken urteotan sekulako ospea hartu dute eta autobus mordoa gaztez beterik iristen da Bermeora eta Elantxobera. Euskal Herriko festarik zoroenetakoak dira.
5. Uztailak 25 - Astigarraga (santioak). Herri txiki bati festetan eska dakioken guztia dute: dantzaldiak, koadrilen arteko jokoak, bertso saioak... Horrez gain, azken urteotan sortutako pub modernoek beste giro baterako aukera ere ematen dute.
6. Uztailak 26 - Zornotza (karmenak-santanak). Zornotzarrek hamabost jai egun inguru izaten dituzte. "Santanatxu Egune", hilak 26, egun nagusia da eta bezperan, gaupasa ofiziala egiten dute. Autopista zaharreko bidean txosna ugari jarri eta kontzertu andana antolatzen da.
7. Abuztuak 5 - Lizarra (Puiko Ama Birjina-sanandresak). Jaien hasiera egunean, alkatea eta zinegotziak Puiko Amaren Basilikara joan ohi dira, eta Iruñeko garai bateko riau-riaun bezala, lizarratarrak ibilbidea egiteko ahalik eta denbora gehien pasa dezaten ahalegintzen dira. Gainerako herrialdeetatik jende askok jotzen du Lizarrara; kanpina lepo izaten da.
8. Abuztuak 10 - Baiona. Jende askorentzat ezezagunak diren arren, batez ere Hego Euskal Herriko gazteentzat, Baionako bestak parrandarako aukera benetan ona dira: mota guztietako musika, dantzak, bazkariak... baita entzierroak ere, Iruñean bezala (baionesak ere zuri-gorriz janzten dira). Baiona Ttipian euskal giroa aurkituko duzue.
9. Abuztuak 11 - Leitza (santiburtzioak). Martxa polita dago eta giroa oso euskalduna da. Batzuk kanpin denda eta guzti joaten dira Leitzara.
10. Abuztuak 15 - Donibane Garazi (Andre Mari jaiak). Euskal folklorearekin edo herri kirolekin gozatzeko aukera ematen dute. Gauez bestelako giroa izaten da: dantzaldiak, eta kontzertuak ostatu gehienetan.
11. Abuztuak 15 - Aretxabaleta (andramaixak). Egunik ederrena Koadrilen Eguna da: lagun koadrilek blusak jantzi eta herri bazkaria egiten dute, eta goiz eta arratsaldez, sokamuturra izaten da.
12. Irailak 8 - Sara (Ama Birjina). Lapurdiko festa zerrendako azkenekoak dira eta sekulako jendetza elkartu ohi da.
13. Urriak 9 - Agurain (Errosarioko Andramaria). Aguraingo jaiak sona handikoak dira Araban eta oso kontzertu onak antolatu ohi dituzte.