'Heriotza, duin eta ilustratua' erakusketa inauguratuko dute gaur Donostiako Okendo Kultur Etxean

"Bizitzeak ez ezik, hiltzeak ere duintasuna eskatzen duela aldarrikatuz, eta hausnarketa hori ilustratzeko" prestatu du erakusketa hau Okendo Kultur etxeak. Katalunian du jatorria proiektuak, Kataluniako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak (DMD-Cat) zenbait artista gazte gonbidatu baititu, heriotza duinaz duten ikuspegia ilustratu dezaten eta heriotzaren tabua desmitifikatzeko.
DMD-DHE Euskadi elkarteak eta Okendo Kultur Etxeak Euskal Herriko ilustratzaileei ere espazioa eman nahi izan diete erakusketa honetan. Bost artistarengana jo dute gaiaren inguruko pieza bat sortzeko, formatu librean. Bakoitzak bere lana aurkeztuko du txandaka, eta hitzordua astearteetan izango da, 19:00etan. Irailaren 20an, Iñaki Martiarena Mattin-ek Agurzaiola lanaren inguruko azalpenak emango ditu; irailaren 28an, Garbiñe Ubedak Ikuspegiaz Harago aurkeztuko du; urriaren 5ean, Izaro Mariezkurrenak Hasiera Bat, Amaieran lana izango du hizpide; urriaren 19an, Gotzon Garaizabal Emaidazu Eskua lanaz arituko da; eta, azkenik, urriaren 26an, Aitziber Alonsok bere obraz hitz egingo du.
Erakusketa gaur irekiko dute, 18:30ean, eta urriaren 31ra arte egongo da zabalik.
Ekintza osagarriak
Erakusketaren harira, jarduera osagarriak ere antolatu dituzte irail eta urrirako. Ilustratzaileen bost aurkezpenez gain, bi tailer, bi antzezlan, ikuskizun bat, hitzaldi bat, mahai-inguru bat eta hiru bisita gidatu izango dira. Egitaraua hemen kontsulta daiteke.