Hendaiako Borderline Fabrika ekintzez blai

Hendaiako tren geltokiaren ondoan kokatutako Borderline Fabrikak datozen asteetarako egitaraua aurkeztu du eta orotariko jarduerak egingo dituzte azaroaren 19tik abenduaren 18ra bitartean: zirko tailerra, kontzertuak, pintxo-pote filosofikoa, ikuskizunak, dantza...
Bihar, hilak 19, Tarot Iparralde ikuskizuna izango da, 19:30ean. Iparraldeko tarota landuko du bertan Martinek, lurraldearen ikerketa eta kronika moduko bat. Martine, aldi berean, Madame Irma aztia eta Columbo detektibea da, errealitatea argitzeko tarot karten abilezia poetikoaz, umoreaz eta zentzu kritikoaz baliatzen dena. Hurrengo egunean, berriz, guraso eta haurrei zuzendutako zirko tailerra egingo dute, 16:00etatik 18:30era, lurreko akrobazietan aritzen den Elixabete Barandiaran eta Maitane Azpiroz trapezistaren eskutik. Bertan parte hartzeko aurrez eman behar da izena mintzaian@mintzaian.eus helbidean. Igandean, hilak 21, Abrazo 64 elkarteak antolaturiko Milonga saioa egingo dute. Ez da tango doinurik eta dantzarik faltako, beraz, 17:00etatik aurrera.
Azaroaren 27an, larunbata, Euskararen Urtaroa ekimenaren barruan, pintxo-pote filosofikoa egingo dute Olatz Perezekin, 18:00etan. Egun berean, 20:30ean, Rouge Elea konpainiak Zuek zine-kontzertua eskainiko du eta Ander Fernandez musikariak jarriko dio musika 70eko hamarkadako super 8 filmeari.
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Hendaiako herriko etxearekin elkarlanean egindako sorkuntza egonaldiaren amaierako aurkezpena izango da. AJPU zirkoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da 19:00etan. Biharamunean Neju, Juliette Toulec, artista plastiko eta musikariak kontzertua eskainiko du. UNs izeneko ikusentzunezko diska argitaratu du, musika eta ikusteko piezez osatua.
Beste musika emanaldi bat ere izango da abenduaren 11n. Muskulo taldeak Esan gabe doa hirugarren disko luzea aurkeztuko du iluntzeko 20:30etik aitzina. Hurrengo egunean, 14:00etatik 16:00etara, collage eta irudi-muntaia tailerra izango da. Parte-hartzaileek artxibotako argazkiak, marrazkiak, postalak, planoak, eskuz idatzitako gutunak… eta aukeratutako argazki batzuk, norberarenak edo beste nonbaitetik hartuak, eraman beharko dituzte. Bukaeran A3 formatuko orri bat eraman ahalko dute bertatik, euren obra izango dena. Abenduaren 12tik 18ra, berriz, bideo proiekzioa egingo da kalean, geltoki aurreko fatxadan. Irun, Hondarribia eta Hendaiako biztanleak topatzen aritu da Sarah Millot artista bisuala urtarrilaz geroztik. Haren helburua pertsona bakoitzaren edo kolektiboen erretratu moduko bat osatzea izan da, gero hiru herrietako pareta itsuetan astebetez proiektatzeko. Hendaiakoa izango da lehen geldialdia.
Jarduera asko dohainik izango dira baina musika emanaldietarako sarrerak hemen eskura daitezke.
Sorkuntza artistikoaren babesleku
Publiko zabalari zuzendutako kulturgunea izateaz gain, artista erresidenteak (arte bizi eta bisualak) laguntzera bideratutako proiektua ere bada Borderline Fabrika. Haiei bilaketa artistikoa, sorkuntza, produkzioa eta erakusteko espazio bat jartzen diete eskura, hala nola publikoari irekitako elkargune eta partekatze espazio bat. Sortzaile erresidenteen jarduna eta ekonomia egonkortzea du helburu, sorkuntza eta irekitasuna erraztuz. Borderline Fabrika osatzen duten kolektiboko hamaika artista egoiliarrek lekuaren dinamika eta funtzionamenduan hartzen dute parte. Hortik kanpo euren aktibitate propioak dituzte, konpainia edo bakarko proiektuetan. Haien gehiengoak arte bizien sektorean egiten dute lan.
Borderline Fabrikaren bazkide izateko aukera ere badago, "proiektua ekonomikoki babesteko, proiektuaren informazioa jasotzeko, bilera irekietan parte hartu ahal izateko, eta proiektu zabal eta anitz baten parte izateko". Bestalde, buletinean izena emanez gero, bertako ekintzen berri jaso daiteke.