Hemendik at: hemendik, etorkizunerat

Hemendik at: hemendik, etorkizunerat https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hemendik-at-hemendik-etorkizunerat/@@download/image/6p10-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ibon Gaztanbide
Batzuk duda-mudatan zebiltzan arren, Hemendik At taldeak argi erakutsi zuen bigarren lanarekin haiena ez zela abesti bakar bateko kontua. Orain, etorkizunari ateak zabaldu nahi dizkiote hirugarren diskoarekin. Betiko estiloari eutsi nahi diote, baina aldi berean zenbait berrikuntza ekarri nahi dituzte, taldea sendotzeko. "Etorkizuna" izenburupean, Gor disketxeak argitaratu du diskoa, aurreko biak bezalaxe.

Hemendik At-ekoek hirugarren diskoak harrera ona izango duela uste dute: "jendearen gustukoa izatea espero dugu. Publikoak ongi hartu du orain arte egin dugun lana, eta disko berriarekin ere hala gertatuko delakoan gaude".
Lan berria hamaika kantuz osatuta dago; hamar euskaraz eta bat ingelesez. "Gure jarraitzaileendako oparitxoa da ingelesezko kantua. Kontsumo pribaturako konposatutako abestia zen, eta ez genuen oso garbi harekin zer egin", dio Ikerrek. "Azkenean, Hemendik At-ek kantatzea erabaki genuen, eta nork daki, Europako ateak zabal litzake...".
Iker Sadaba Hemendik At taldearen zutabe nagusietakoa izan da, aurreko disko bien konposizio eta programazio guztiak berak egin baitzituen. Dena den, oraingo honetan, "bai Albertok, baita Edurnek eta Estelak ere kantu batzuk sortu dituzte, eta diskoa aberastuko luketelakoan sartu egin ditugu. Hala ere, diskoak badu nolabaiteko osotasun bat aurretik egin dugun lanarekin". 
"Etorkizunean" diskoak ezusteko atseginak ere baditu. Batetik, kolaborazioei dagokienez,  "Txapelpunkek kantu batean kantatu du eta emaitza oso bitxia izan da, kontraste handikoa". Bestetik, letrei dagokienez, ingelesezko kantuaz gain, Iñigo Ibarra bertsolariak eta Juankar López Mugerza idazleak kanta bana idatzi dute.
Hemendik At taldeko kideak pozik daude Euskal Herriko publikoak egin dien harrerarekin. "Tamalez, guk lantzen dugun euro dance estiloa ez da oso ezaguna Euskal Herrian, baina gauzak aldatzen hasiak direla dirudi", dio Ikerrek.
Hemendik At-eko lagunek teknologia berrietara jo dute. Izan ere, webgune berritua zabaltzekotan dira. Ziberespazioaz ari garela, ezin elkarrizketa hau bukatu Napster auziaz hitzegin gabe. Ikerrek dioenez, "guk Napsterra erabiltzen dugu, eta uste dut kalte baino mesede egiten digula taldeoi. Talde ezezagun asko ezagutu dut Napsterri esker. Ez dut uste musika kontsumoaren aurka doanik. Aitzitik, Napsterrek musika kontsumoa pizten duela esango nuke".