HEMEN DA GAZTEA MAKETA LEHIAKETAREN FINALA

Julen Idigoras eta Ainhoa Urretabizkaia Gazteako esatariek aurkeztuko dute saioa eta sarrera doan izango da, beraz, 21:30etatik aurrera, nahi duen guztiarentzat sarrera irekia izango da. Dena den, joan ezin duenarentzat Gaztea irratian eta webgunean jarraitu ahal izango da bertan gertatzen den guztia.
Xabi Hoo, Leire Palacios eta Xabi Doncel izango dira epaileak eta Trini Fox, SUA, STR, Jokin Trikitixa eta Montauk taldeak baloratu beharko dituzte. Garaileak Bilbao BBK Live jaialdian jo ahal izango du eta 5.000 euro eskuratuko ditu GazteBizHitza Sariaren barruan. Nor izango ote da aurtengo irabazlea?

TRINI FOX
Punk Rock, stoner, hard rock eta rock alternatiboa jorratzen ditu Trini Fox hirukoteak. Suharri (ahotsa eta gitarra), Iñaki (bateria eta koroak) eta Gilenek (Gitarrak eta koroak) osatzen dute taldea. Trini Foxek ez du estilo berririk sortu, baina ez ohiko doinuak entzun daitezke abestietan. Kaliforniako, Suediako eta Euskal Herriko taldeen eragina duen arren, taldekideen gustu musikal desberdinek ere badute zeresana Trini Foxen doinu eta melodien esentzian. Aipatu, Entzulearen Saria jasoa dutela azkoitiarrek, bozketa-fasean boto gehien eskuratzeagatik.
SUA molderik gabeko musika sortzeko beharretik jaio da. Bi neskak eta bi mutilek osatu dute Maruri Jatabeko talde hau. Ausardia eta estilo propioa uztartzen ditu bandak, esperientzia eta sormena erakutsiz. Halaber, abesti bakoitza bizipen bat izanik, doinu lasai eta sakonetatik, bizienetara igarotzen da taldea.


STR
Trap bereziaren egoitza gisa definitzen dute haien burua Str taldeko kideek. Donostiko Amara auzoan sortu zen 2018ko udan, baina sustraiak Barakaldon, Gernikan eta Barañainen ditu. Trap konbentzionaletik aldentzen diren soinuak, ideiak eta hitzak jorratzen ditu taldeak, nortasun parodikoak dituzten pertsonaien ikuspuntutik. Show-a, pasioa eta oholtzarekiko maitasuna da Special Trap Residence.
JOKIN TRIKITIXA
Orain dela hainbat urte hasi zen Jokin San Jose trikiti munduan, arlo tradizionalean. Apurka-apurka, bestelako estiloak nahasten joan zen. Hala jolasten zebilela, diskoa egiteko ideia bururatu zitzaion, trikitixa eta hip-hop estiloak uztartuz. Kontzertuetarako disko-jartzaile baten laguntza izaten du Jokinek.


MONTAUK
Beñat Goitia abeslari eta gitarra-jotzailearen bakarkako kantuen sorkuntzatik 2014an jaiotako ambiece-rock taldea da Montauk. Gorka Etxebarriak, Aitor Garcia de Vicuñak eta Urko Urzelaik osatzen dute laukotea. 2016an Bilaketan izeneko lehenengo lana argitaratu zuten, eta 2018an Geruzak kaleratu dute Erraia zigiluarekin. Gasteizko laino hotzetatik abiatutako kantuak dira, xuxurlaren berotasunak epelduta.
Animatu eta eman doinu berriei aukera bat!