Heldu da udaberria

Heldu da udaberria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/heldu-da-udaberria/@@download/image/30p34-1_1368697217.jpg
2003/05/02
erreportajea
Vanesa Cerqueiro
Heldu da udaberria
Eta laster uda etorriko zaigu. Aurten, udaberrian eta udan Euskal Herrian modan egongo den arropa ikusteko irrikitan bazaude, hona hemen jakin beharreko guztia. Ez gaitzala udak ipurdia agerian harrapa!

Moda munduak mutilengan zein neskengan eragina duenez, eta nonbaitetik hasi beharra dagoenez, mutilen artean modan egongo den arroparekin hasiko gara.
Galtzei erreparatuz gero, denetarik aurki dezakegu dendetan: estuak, hanka zabalekoak, txandala… Horrez gain, 70eko hamarkadako modarekin bat eginez, alboetan sakelak dituzten prakak eramango dira. Hori bai, guztien artean, bakeroak gailentzen dira; luzeak, motzak eta 'pirata' modukoak.

Elastikoei dagokienez, joera nagusia 'retroak' dira: estuak eta mahuka motz-motzekoak. Tirantedun kamisetak edota besorik gabekoak ere moda-modan izango dira. Jertseetan eta txalekoetan, marrak eta kremailerak dira jaun eta jabe.

Koloreei dagokienez, bestalde, klasikoez gain (beltza, txuria, grisa), kakia dago modan. Azkenik, mutilen armarioetan ezin dira falta txankleta edo sandalia erosoak, kirola egiteko zapatilak, pare bat bainujantzi, buruko edo txapelen bat, eguzkitako betaurrekoak edota gauzak sartzeko gerriko poltsa. Ez ahaztu.

Neskentzat, punk modernoa eta hippya

Neskei dagokienez, praka marradunak eta militarrak dira nagusi. Azken urteetako 'kanpantzarrak' gutxituz joango dira eta bonbatxo itxurako galtzak, aldiz, gehituz; hau da, praka zabal eta txorkatilan estu lotutakoak eramango dira.

Neskek, galtzak ez ezik, soinekoak, gonak eta minigonak ere aukeran izango dituzte. Minigona ugari ikus daitezke azken boladan, bakeroak gehientsuenak. Ohial eta luzera ezberdinetako gonak aurkituko ditugu. Eta beste hainbeste, soinekoen artean: estilo zein gustu guztientzako soinekoak daude salgai dendetan. Apaingarri gisa, soinekoaren alde batetik bestera zintzilikatutako sokak edo lokarriak.

Elastiko ausartak eta takoidun zapatak

Emakumeen elastikoei dagokienez, ausardia da ezaugarri nagusia. Edozein estilotako kamiseta ausartak eramango dira udaberrian eta udan: asimetrikoak, eskote handikoak, mahuka zabal-zabalekoak, moztutako elastikoak… Eta oihalei dagokienez ere aukera zabala da: elastikoak, kotoizkoak, zuntz naturalekoak…
Koloreak markaren arabera aldatzen dira; batzuk bizi-biziak eta beste batzuk, berriz, ilunagoak. Hala eta guztiz ere, marrubi kolorea, kakia edota malba aukeratuz gero, bete-betean asmatuko duzu.

Eta gainean jartzeko? Aipatzekoa da amerikana bakeroa datorkigula. Adituen arabera, amerikana honek aurrea hartuko dio poliki-poliki betiko kazadorari. Ikusi beharko!

Jakina, arropaz arduratzeaz gain, oinetakoetan ere pentsatu beharko duzu. Punta-puntakoena takoidun zapatak eta erromatarren modura lotutako sandaliak izango dira.

Osagarrien garrantzia

Aurten zure armarioan toki bat utzi beharko duzu osagarrientzat. Gerrikoei dagokienez, zabalak eramango dira: kateez eginikoak, beira apaingarriez egindakoak…

Eta bitxiak, noski. Gehien-gehienak hippyak izango dira: belarritako luzeak, eraztun txiki zein erraldoiak… Ezin esan poltsoen moda itxia izango denik, denetarik topatuko dugu eta: txiki-txikiak, handiak, eskuan eramatekoak, besotik zintzilikatzekoak… Eta ezin aipatu gabe utzi buruan jartzeko apaingarriak eta osagarriak: ilerako apaingarriak, txapelak, zapiak…

Hauek guztiak dira aurtengo udaberria-udan denda gehienetan aurkituko ditugun arropa eta osagarriak. Hala ere, zuk duzu azken hitza. Beraz, zuk erabaki eta jantzi ezazu nahi duzuna!