Hautsi uste (ustelak)

Hautsi uste (ustelak) https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hautsi-uste-ustelak/@@download/image/66p32-2.jpg
2006/09/01
erreportajea
Gaztezulo
Hautsi uste (ustelak)
Sinesmen eta mito ugari dago sexu harremanen inguruan, eta hain zabalduta dauden ideia horiek, uste baino gehiago baldintzatzen dute gure sexualitatea. Hona hemen, mito eta uste (ustel) horietako batzuk, eta horiei aurre egiteko aholkuak.

Hasierako elkarrizketa baboak
"Surik bai?"
, "Lan edo ikasi egiten duzu?", "Nafar itxura duzue…", "Zer egiten dute horrelako bi neskek bakarrik?", "Txikito! Ez al duzu ikusten elkarrekin gaudela?"... Gogoko ditugun pertsonengana gerturatzeko, horrelakoak erabiltzen ditugu. Denoi gertatu zaigu, eta oso ohikoa da, elkarrizketa hauek babo eta zentzugabe samarrak iruditzea. Gustuko dugun pertsona horren aurrean, interesantearena egin nahi izaten dugu, eta hori da hori harrikadak botatzeko abildadea!
-Aholkua: Gehienetan, erabat beharrezkoak dira elkarrizketa babo samar horiek; izan ere, urduritasunak eragindako egoera barregarri hauek funtzio garrantzitsua betetzen dute. Horrelakoetan, zure buruaz barre egitea komeni da.

Neskak berotu eta… oh, oh, oh

Bero-bero egindako emakume asko ikusi dugu pelikuletan, eta agian, eredu zinematografiko horiek eraginda, nesken kitzikadurak misterio handia izaten jarraitzen du askorentzat. Berotzerakoan, nesken patroi komunaren bila aritzen dira mutil asko: alua bustitzea, titimuturrak gogortzea, orgasmora heltzerakoan oihu egitea…
-Aholkua: Emakume guztiok ez dugu oihu egiten, guztioi ez zaizkigu titimuturrak gogortzen... Emakumeon kasuan, beharbada, berotzearen adierazleak ez dira mutilenak bezain argiak; baina arnasketak, bihotz taupadek… informazio asko ematen dute. Ez zaitezte erreazkio "unibertsalak" bilatzen obsesionatu, beraz.

Torloju musuak eta txinpartak

Pelikuletako azken eszenetan, beti torloju musuren bat ikustera ohitu gara. Ikusleek asko estimatzen dituzte horrelako musuak. Gure jendartean ere, musuak pasioaren termometro bihurtu dira; elkarri zenbat eta musu luzeagoak eman, orduan eta bikote sutsuagoa izango gara jendearen aurrean.
-Aholkua: Kontua da, denok ez ditugula musu berak maite. Musuak bi pertsonen arteko sinbiosia izaten dira; beraz, musu bakoitza errepikaezina izaten da: laburra eta lotsatia, motza eta hezea, bortitza eta luzea… Musu eredu asko dago.  Ez kezkatu, beraz.

Gaur ez: hilerokoarekin nago

Hilerokoarekin sexu harremanak izatea gauza korapilatsua izan daiteke; ez fisiologikoki ona ez delako, hilerokoa modu berezian bizi dugulako baizik. Askotan, hilerokoa kanpotik datorkigun fenomeno zikin baten modura bizi dugu emakumeok, eta gure alderdi ilun hori deskubritzearen beldurrak, harremanak izatea galerazten digu. Egoera gehiago korapilatzeko, gure kulturan, emakumeek umore txarra eta tripako mina izaten dituzte hilerokoarekin. Hori dela eta, hilerokoari gorrotoa izaten diogu maiz.
-Aholkua: Hilerokoa emakumeona da; gurea da, gu gara. Ez da kanpotik datorkigun elementu arrotz bat. Beste kultura batzuetan, hilerokoa ez dute sabeleko minarekin, zikintasunarekin eta umore txarrarekin lotzen. Hilerokoa bere osotasunean ulertzeak eta gure dohain hori maitatzeak, gure harremanak hobetu ditzake.

Kondoirik gabe, gozagarriago?
Zakila estutzen duela, gozamena murrizten duela, giroa hoztu egiten dela kondoia jartzerako orduan, tentetzea galdu egiten dela… zenbat sinesmen eta mito kondoiaren inguruan! Horrelako mitoek eraginda, askotan, kondoia erabiltzeari uzten zaio sarketaren momentuan.
-Aholkua: Kondoirik gabe, txortan egitea gozagarriagoa ote den? Ikuspuntu horrek, gozamena soilik minutu batzuetara murrizten du. Izan ere, kondoirik gabe txortan aritu ondoren, zer gertatzen da hurrengo egunetako burukomin, antsietate eta atsekabeekin? Minutu batzuetako gozamena baino luzeago jotzen dute horiek! Kondoiaren inguruko usteek, ez gaitzatela inoiz behartu guk nahi ez dugun erabakia hartzera.

Titiak, zakila… bai gozagarriak

Gorputz atal batzuk beste batzuk baino gozagarriagoak ote dira? Gorputzean, plazerra jasotzen duten sentsoreen kontzentrazioak ditugu, eta sentsore plazer-hartzaile asko elkartzen diren gune horietan, kitzikadura handiagoa izan ohi da. Halere, bakoitzaren gorputza den bezalakoa da, eta batzuk eta besteok, leku ezberdinetan izan ditzakegu kontzentrazio-guneak.
-Aholkua: Esaterako, harrituta gera gaitezke belarriek edo oinek eman diezaguketen plazerrarekin, baina, hori horrela izan daitekeela jakiteko, aukera eman behar zaie gorputz atal guztiei. Gure gorputza aztertuz, gure puntu erogenoak deskubrituz... gure gorputza ezagutzeak harreman jostariagoak izaten lagunduko digu.

Handia bada, hobe?

Neurrien sukarra! Gorputz atal ba-tzuen neurriarekin obsesionatuta gaude, eta zakila eta bularrek sortzen dituzte buruhauste gehien. Tamainak gozamenean eragin zuzena duela sinetsi dugu, eta estereotipoen araberako neurriak lortu nahi ditugu, nola edo hala. 
-Aholkua: Globoen itxurakoak, txikiak eta jostagarriak, puntatxodunak, luze eta mardula… Gozamena ez dago tamainarekin lotuta. Gorputz atal bakoitza zenbat maite dugun… horrek bai duela berebiziko eragina gozamena eman eta jasotzeko garaian. Gure gorputza den bezala maitatzean dago plazerraren giltza.

Iluntasunean eta ezkutuka

Autoa, igogailuak… sexu jolasetarako, gehien aukeratutako tokiak dira. Arau subliminalen aginduz, leku ezkutu eta ilun samarrak izan ohi dira, normalean.
-Aholkua: Iluntasunari eta ezkutatzeari garrantzia handia ematen diegu. Egia da, gizarte hau ez dagoela prest sexu jolasak gordin bistaratzeko, baina, halere, bestelako osagarriak tartekatzea, eta poliki-poliki jendarteko arauak zirikatzea, gozagarria izan daiteke askorentzat. Egunen baten, sexu harremanek errealitate morbosoa izateari utziko diote, eta gertaera arrunta bihurtuko dira.

Nor iritsiko lehenago?

Orain gutxira arte, sexu harremanetan, mutilei aitortzen zitzaien soilik plazerraren aukera. Egun, inork ez du ukatzen neskek gozatzeko gaitasuna dutenik. Egun, pentsamolde aldaketa honen ondorioz, badirudi mutilak izan behar duela beti isurtzen azkenekoa; horrela, biek gozatzeko denbora izango dutelakoan.
-Aholkua: Pentsamolde aldaketa hauen ondorioz, betebehar moduko bat sortu zaie mutilei: beti neska asetu beharra. Presio hori oso kaltegarria da harreman heterosexualetan. Izan ere, batera isurtzeak, ez du esan nahi harremana hobea izan denik: batzutan bat isuriko da, hurrengoan bestea, edo inor ez. Bikotekideari gehiegizko arreta jartzeak oztopatu egin dezake norberak bere sentsazioak bizi ahal izatea. Sartu zure sentsazioen zurrunbiloan, eta momentu batez, ahaztu besteaz! Ondokoak ere eskertuko dizu!

Txortan, edo ezer ere ez

"Atzo azkenean zer? Bai? Baina bai, edo ez?". Ezer zehatzik esan gabe, denok dakigu zertaz ari garen horrelakoetan. Badirudi, beste pertsona batekin sexu harremanak izaterakoan, beharrezkoa dela txortan egitea, praktika horrek definitzen duela, harremanean, benetan zerbait egon den edo ez.
-Aholkua: Goiko galderari erantzun polita eman dakioke: "Atzo denetik egin genuen; txortan izan ezik, beste guztia". Txortan egitea praktika ofiziala dela dirudi, eta hortik kanporako guztiak ez duela kontatzen… praktika horien garrantzia azpimarratuz, ofizialtasuna eman diezaiegun!

Posturarik onena

Azkenaldian, "zaldizkoaren" posturak ospea kendu dio "misiolariari". Duela gutxira arte, emakumeak beti azpian egon behar zuen, eta erabat esanekoa izan behar zuen. Orain, aldiz, badirudi emakumeak gidatzaile bihurtu garela, eta ondorioz, gaur egun, emakume guztiek sexu harremanetan gidari izateko ausardia eta desira izan behar dutela. Desira hori sentitzen ez duena, garaiz kanpoko neska dela ematen du.
-Aholkua: Emakumeok orain gidari izan behar badugu, eta gidari izate hori derrigortzen badigute, jarrera hori inposatzen ari zaizkigu. Eta, edozein inposaketak bezala, honek ere gure gorputzarekiko harremana oztopatzen du, eta zaildu egiten du gure gorputzak zer nahi duen sentitzea. Momentuan zer nahi dugun konturatzea gauza handia da.

Orgasmoa, mesedez!

Multiorgasmikoak, anorgasmikoak, aldi berekoak… Beti, orgasmoa da helmuga: orgasmoa izanez gero, lasai egon gaitezke. Baina zer gertatzen da orgasmorik izaten ez badugu? Harremana txarragoa izango al da?
-Aholkua: Orgasmoaren distirak itsututa, bestelako uneez gozatzeko ahalmena gal dezakegu. Ez ditzagun alferrik galdu une eder horiek.

Lo egiteak batzen gaitu

Sexu saio baten ondoren, batzutan bakoitza bere etxera joaten da. Beste batzutan, ordea, elkarrekin pasatu genezake gaua. Bigarren hau gertatzen denean, harreman hori sexu hutsa baino gehiago izan dela irudituko zaigu.
-Aholkua: Elkarrekin lo egiteak, ez du zertan esanahi berezirik izan behar. Adibidez, bestearen etxean geratzen den hori nekatuta egon daiteke, eta etxera joateko gogorik gabe. Horrek ez du esan nahi, ordea, gau horretako sexu jolasez aparte, beste zerbait nahi duenik. Gogoan izan, beraz.

Hurrengo eguneko deia

Norbaitekin igurtzi batzuk egin edo sexu harremanak izan ondoren, arriskutsua izandaiteke telefonoak trukatzea. Izan ere, hurrengo eguneko deiaren zain egoteko joera dugu, eta itxarote hori amaiezina izan daiteke. 
-Aholkua: Kikildu egiten gaitu bezperakoarekin nahikoa izan zela entzutearen beldurrak, eta beldur horrek eraginda, maiz, ez gara telefono deia egitera ausartzen. Gogoan izan, ezezkoaren aukera beti hor dagoela, baina beste aukeraren bat ere egon daitekeela. Esperantza errealitate bihurtzen ausart gaitezke.

Benetako maitasuna?

Jeloskortasuna eta benetako maitasunaren artean egiten den lotura ez da batere argia. Azkenaldian, modan jarri da bikote moderno eta irekiak osatzea: alegia, bikotekide iraunkorra izanik, bikotekide bakoitzak hortik kanpoko harremanak izatea. Horrelakotan, jeloskor sentitzea gauza arrunta da. Beraz, ez ditzagun bi gauzak nahastu: maitasuna eta bikotearen jabe sentitzea ez dira gauza bera. Jeloskortasunak ez du zertan benetako maitasunaren adierazgarri izan behar.
-Aholkua: Jelosia oso gauza normala da, eta aberasgarria izan daiteke horrekin elkarbizitzen ikastea. Esperientzia gogorra -baina polita-  izan daiteke.

Yannick Bergara: "Nahiago nuke ausartagoa izatea"



Ligatzeko, esan duzun edo esan dizuten esaldi baboena?
Baboena eta jasangaitzena: "Ez nadila enteratu ipurditxo horrek gosea pasatzen duenik".

Musuak bortitz eta luzeak, edo, labur eta lotsatiak?
Zalantzarik gabe, bortitz eta luzeak; baina, betiere, maitasun handiz.

Ligatuta, txortan egitea ezinbestekoa da?
Segituan behintzat, ez. Lehenengo, ondoko pertsona ondo ezagutu behar duen horietakoa naiz.

Kondoirik gabe gozagarriagoa omen…
Baina ezin duzu erabat gustura ibili, kondoirik gabe ibiltzeak ekar ditzakeen ondorioak ezagututa.

Gorputzeko atal gozagarriena?
Lepoa.

Oihurik gabe ez dago orgasmorik…
Gezurra.

Orgasmoaren inguruan entzun duzun uste ustelen bat aipatu.
Burura etortzen zaizkidan guztiak onak dira; beraz, nahiago dut egia direla pentsatu.

Posturarik onena…
Gozagarria den edozein.

Hurrengo eguneko deiaren zain egon, edo zerorrek deitu?
Oso lotsatia naizenez, zain geratzen den horietakoa naiz; halere, nahiago nuke ausardia gehiago izan. Carpe diem!

Xabier Silveira: "Oihu guztiak ez dira orgasmo"



Ligatzeko esan duzun edo esan dizuten esaldi baboena?
Parranda erdian gaudela: "ze, ongi?". Uste dut esaldi honekin hasten direla elkarrizketa funtsik gabeko gehienak.

Musuak, bortitz eta luzeak, edo, labur eta lotsatiak?
Laburrak eta lotsatiak, hitzak. Muxuak, bortitz-goxoak eta luze-luzeak.

Behin ligatuta, txortan egitea ezinbestekoa da?
Batzuetan ekidinezina da, eta besteetan, ezinezkoa. Sentimenduen eta sentsazioen leherketaren metrailak ez du norabide jakinik, bere kasa hautatzen du eragingo duen samina edo poza.

Kondoirik gabe gozagarriagoa omen…
Inork zalantzarik al du, bada?

Gorputzeko atal gozagarriena?
Gizonezkoontzat zakila, eta emakumeentzat klitoria. Saiatu naiz beste atal bat erantzuten, belarriak, lepoa… Baina errealitatea onartzea, batzuetan, ona izaten da.

Oihurik gabe, ez omen dago orgasmorik...
Oihu guztiak behintzat ez daude orgasmoaren zain. Oihu guztiak ere ez dira orgasmo. Baina zer da orgasmoa, bada? El concepto es el concepto.

Orgasmoaren inguruko usteren bat...
Ez bakarrik orgasmoari dagokionean, sexuaz ari garenean, orokorrean, dena iruditzen zait ustela, dena faltsua. Sexuaz azaletik hitz egiten da, 'orgasmo' bezalako hitz hutsak erabiliz. Posturak, lekuak… Benetan hori al da sexuaren atal garrantzitsuena? Errealena? Hitz egin behar badugu, eta hain hotzki gainera: zergatik ez dugu hitz egiten uzkian behatzak sartzeaz, adibidez?

Hurrengo eguneko deiaren zain egon, edo zerorrek deitu?
No jodas telefonoa eman geniola elkarri. Beti akats berak errepikatzen!

Andoni Agirregomezkorta: "Gizonak hain sinpleak gara"



Ligatzeko esan duzun edo esan dizuten esaldi baboena?
Urteak dira, eta oraindik lotsa ematen dit: "Harriketarrak filma ikustera etorri nahi duzu?". Erromantikoa, ezta?

Musuak bortitz eta luzeak, edo, labur eta lotsatiak?
Biak oso ondo daude, une egokia aukeratuz gero.

Ligatuta, txortan egitea ezinbestekoa da?
Ezinbestekoa ez, baina gauza gehiegi luzatzen bada... Ejem! Gauza diodanean, erlazioa esan nahi dut; bai, erlazioa sakondu.

Kondoirik gabe gozagarriagoa omen…
Kondoiarekin lasaitasun handiagoa…

Gorputzeko atal gozagarriena?
Sexu harremanetan, gozagarri bihurtzen ez den azal zatirik badago, ala?

Oihurik gabe ez dago orgasmorik.
Gizonezko askoren kasuan, bestearen oihurik gabe ez dago harrotasunik… Hain sinpleak gara…

Orgasmoaren inguruan entzun duzun uste ustelen bat aipatu.
Emakumeak orgasmorik izaten ez badu, ez dagoela haurdun gelditzeko arriskurik.

Posturarik onena…
Batek daki, hainbeste ditut oraindik probatzeko…

Hurrengo eguneko deiaren zain egon edo zerorrek deitu?
Zertarako denbora galdu? Hartu telefonoa eta deitu, baina berehala, aizu!

Aiora Rementeria: "Atalik gozagarriena? Garondoa eta sorbalda"



Ligatzeko esan duzun edo esan dizuten esaldi baboena?
Orain urte asko ez dudala ligatzeko beharrik sentitzen, eta egia esan, ez ditut nik esandako lelokeriak gogoratzen, ezta niri esandakoak ere.

Musuak bortitz eta luzeak, edo, labur eta lotsatiak?
Biak, bakoitza behar den momentuan. Bortitz eta luzeak txortan egiteko momentuan, eta labur eta lotsatiak amaitzerakoan.

Ligatuta, txortan egitea ezinbestekoa da?
Ez, baina txortan egiten bada, askoz hobe.

Kondoirik gabe, gozagarriagoa omen…
Kondoiarekin seguruago...

Gorputzeko atal gozagarriena?
Garondoa eta sorbalda.

Oihurik gabe ez dago orgasmorik.
Askotan ez dago erremediorik, eta oihurik gabe orgasmora heldu behar... Oihu egiten askoz gehiago gozatzen da!

Posturarik onena…
Edozein da ona, behar duzun pertsonarekin bazaude.

Hurrengo eguneko deiaren zain egon, edo zerorrek deitu?
Benetan norbait berriro ikusi nahi baduzu, zuk zeuk deitu.