Haurdunengan COVID-19aren aurkako txertoaren efektuak ikertuko dituzte

Haurdunengan COVID-19aren aurkako txertoaren efektuak ikertuko dituzte Pfizerrek ikerketa abiatu du txertoaren eraginkortasuna egiaztatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haurdunengan-covid-19aren-aurkako-txertoaren-efektuak-ikertuko-dituzte/@@download/image/vacuna-tosferina-embarazo-800x445.jpg
2021/02/23
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Pfizerrek ikerketa abiatu du txertoaren eraginkortasuna egiaztatzeko.
Haurdunengan COVID-19aren aurkako txertoaren efektuak ikertuko dituzte

Aurrera doaz koronabirusaren aurka diseinatutako txertoen frogak, eta pixkanaka, bakoitzaren eraginkortasunaren inguruko datu gehiago dituzte ikerlariek. Hala, duela egun batzuk Oxford Unibertsitateak entsegu bat jarri zuen martxan AstraZeneca txertoaren eragina haur eta nerabeengan egiaztatzeko, eta orain, Pfizer eta BioNTech-ek beren txertoak emakume haurdunengan duen eraginkortasuna frogatzeko ikerketa abiatuko dute.

Guztira mundu osoko 4.000 emakume haurdun parte hartu dute Pfizerren ikerketan; denak adin nagusikoak dira, eta 24 eta 34 aste bitarteko haurdunaldia dute. Ikerketa guztietan egiten den moduan, erdiak txertoa jasoko du, eta beste erdiak plazeboa, hiru asteko aldearekin.

Ikerketak emakume hauen egoera gertutik jarraituko du txertoa jaso eta zazpi eta hamar hilabete bitartean; bitartean, Modernaren txertoa jaso duen ama baten datu onak jaso dira, haurra erabat osasuntsu eta antigorputzekin jaio baita. 

ETA HAURREKIN, ZER?

Datuen arabera, adin txikikoak dira koronabirusarekin gutxien kutsatzen direnak, eta oso gutxitan gertatu dira kasu larriak; horregatik, ez daude txertoa jasotzeko lehentasuneko taldeetan. Halere, ikerketa ugari abiatu dira txertoak haur eta nerabeengan izan ditzakeen efektuak ezagutzeko; lehen aipatu bezala, AstraZeneca hasi da ikerketarekin, eta Pfizerrek ere berdina egingo du aurki; zehazki, 5-11 urte bitartekoen artean ikerketa jarriko du martxan, eta ondoren 12-15 urte bitartekoen artean. Emaitzak 2021 erdialdera ezagutuko dira.