Haurdunaldi ondorengo depresio kasuak hirukoiztu dira

Haurdunaldi ondorengo depresio kasuak hirukoiztu dira Asko dira itxialdian depresioa iragan duten amak, eta bada horretarako arrazoia. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haurdunaldi-ondorengo-depresio-kasuak-hirukoiztu-dira/@@download/image/ZOJEAITY6RF5ZA3PW2G6PJJKEQ.jpg
2020/06/24
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Asko dira itxialdian depresioa iragan duten amak, eta bada horretarako arrazoia.
Haurdunaldi ondorengo depresio kasuak hirukoiztu dira

Pandemiak gogor eragin du guztion psikean; isolamenduan igaro ditugu hilabeteak, gertuko lagun eta senideengandik bereizirik, bakardadean hainbatetan, kanpotik osasun krisiaren albiste zaparrada etenik gabe iristen zen bitartean. Ez da oporraldia izan; lanean jarraitu dugu etxetik, hala moduan, eta askorentzat amesgaiztoa izan da, besteak beste, duela gutxi erditutako emakumeentzat.

Haurdunaldi ondorengo depresioa oraindik tabu handia da gizartean, baina uste baino sarriago gertatzen da, eta dirudienez, itxialdiak kasu horiek hirukoiztera eraman ditu. Women's Mental Health-ek egindako ikerketaren arabera, depresioa eta antsietatea jasan duten ama hasiberrien bataz-bestekoa inoiz baino altuagoa izan da hilabete hauetan. Ikerketarako 900 emakume aztertu dituzte, horietatik 520 haurdun eta 380 azken 12 hilabeteetan erditutakoak. Haietatik %15 depresio sintomak izan dituzte itxialdi hasieran, eta zifra igotzen joan da %41 arte. Antsietatearekin antzekoa gertatu da; itxialdi hasieran sintomak zituztenak %29 baziren, amaieran %72 ziren.

Haurra izatean dakartzan beldur eta estresak biderkatu ditu pandemiak; osasunarengatik beldurra sentitzea, isolamendua jasatea, gutxi mugitzea, deskonektatzeko aukerarik ez izatea edota lagun eta senideen babes eta laguntza ez izatea izan dira depresio eta antsietate maila altu horien erantzule nagusiak. Berriro itxialdi bat jasaten badugu, beraz, kontuan hartzekoa da.