Hau zarata!

Hau zarata! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hau-zarata/@@download/image/75-p50_1363955436.jpg
2007/06/01
erreportajea
Hau zarata!
Telefonoa, klaxon hotsak, merkataritza guneetako musika gogaikarria, bozgorailuak, obrak... Presaka bizi gara, eta mundu zaratatsuan bizi garela konturatzeko astirik ere ez dugu. Dena dela, kutsadura akustikoak eragin nabarmena du guregan. Eta ez pentsa, MUSIKA kutsadura horretatik kanpora dagoenik…

Zarata definitzea ez da lan erraza, sentsazio subjektiboa baita. Adibidez, parrandan ga-biltzala, tabernetako musika ozen entzutea belarrientzako oparia dela pentsatzen dugu. Etxean daudenentzat, berriz, kaletik datorren ia-ia edozein hots zarata da; loa hartzen uzten ez dielako, besteak beste. Argi dago, hala ere, zarata edo hots batzuk luzaroan entzuteak eragina duela guregan.

Eguneroko zarata askorekin ohitu egin gara, eta horregatik, ez diogu kutsadura akustikoari erreparatzen. Gainera, zaratak ez du bakarrik belarrian eta entzumenean eragiten; epe labur, ertain eta luzera begira, ia organismo osoari eragiten baitio: loa hartzea kosta egiten zaigu, nekatuta egoten gara, kontzentratzeko arazoak izaten ditugu, errazago haserretzen gara, bizkarreko eta lepoko giharretan tentsioa sentitzen dugu... Arazo larria da, baina gu, hala ere, zaratarekin bizitzen ohitu gara. Etxe azpian lanetan ari badira, guk telebista ozenago ipiniko dugu, eta kitto.

Zergatik dugu horrenbesteko zarata? Batez ere, trafikoarengatik. Edozein hiritan, trafikoak sortzen du zarataren %80. Dena dela, beste faktore batzuk ere badira. Berdeguneak lasaigarriak izan ohi dira, zarata gutxiago izaten da horietan, baina hala ere, gero eta berdegune gutxiago ditugu hirietan. Aitzitik, gero eta etxebizitza gehiago dago, eta haiek eraikitzeko lanek ere zarata handia sortzen dute. Hegazkinek eta abiadura handiko trenek ere herri txikietako bizimodu lasaia zapuztu dezakete; zer esanik ez, errepideak, tunelak eta abarrak egiteko lanek.

Adi, musikarekin!

Beste zarata mota batzuk ere badira; aisialdiarekin lotutakoak. Diskotekak, zinema aretoak, tabernak, mp3ak... Gazteon ohituretako batzuk oso kaltegarriak izan daitezke entzumenarentzat. Horregatik diote adituek, bizimodu horrekin jarraituz gero, oraingo gazteok gure gurasoak baino hogei urte lehenago hasiko garela entzumen arazoekin. Izan ere, isiltasunari beldurra diogula dirudi: bizikletan, autobusean edo oinez goazela; hondartzan etzanda gaudela... mp3a edo i-poda piztuta izan behar dugu beti.

Aspaldiko walkmanak discmanari egin zion leku, eta ondoren, discmanak mp3ari eta i-podari. Gero eta hobeto entzun dezakegu musika… eta gero eta altuago, kanpoko hotsak entzun beharrik gabe. Gainera, aspalditik, entzungailu txikiak eraman ohi ditugu, tinpanoaren ondo-ondoan. Eta ez pentsa musika motak zerikusia duenik. Hau da, klasikoa ala heavy-metala, berdin dio. Kontua da musika ozen eta luzaroan entzuteak min egiten digula. Berehala antzematen dira sintomak: buruko mina, nekea, suminkortasuna….

Musikarien artean ere, batzuek entzumen arazo larriak izan dituzte: Phil Collinsek, Eric Claptonek edo Stingek, adibidez, entzumenaren parte handi bat galdu dute. Foxy Brown, AEBtako rap izar gaztea (26 urte), musikan hamar urtetan ibili eta gero, egun batetik bestera hasi zen gorreria nabaritzen. Medikuek soilik ez, Pete Townshend The Who talde mitikoko gitarra jotzaileak ere, zera diosku bere webgunean: luzaroan musika ozenegi entzuteak eta kontzertu eta tabernetako musikaren bolumenak gorreria eragin dezaketela. Zerbait badaki.

Beraz, musika entzutea munduko plazerrik handienetakoa izan daiteke, baina kontuz ibili beharra dago. Eta musikarekin ezezik, baita gainerako hots edo zaratekin ere.

Dezibelio Gerra


Ondorengo koadroan, dezibelioak dituzue, dezibelio horiek zerk eragiten dituen eta nolako kalteak eragin ditzaketen.
Dezibelioak           Zarata mota                                           Kalteak30            Hozkailua, edalontziaren igurtzi hotsa        Kalitate gutxiko loa     40            Ikasgela, solasaldi lasaia                             Komunikazioa arazoak    45            Zurrunga hotsak, kale lasaia                       Loa etetea    50            Elkarrizketa edo musika lasaia                   Ondoeza, egunez    55            Bulegoa, telefono hotsa                              Ondoeza larria, egunez    65            Solasaldia ozen, autoen zarata,                   Komunikazioa ia ezinezkoa    75            Metroa, taberna giroko kalea, lantegia       Entzumena galtzea epe luzera    110 - 140 Diskoteka, motorra, anbulantzia....            Entzumena galtzea epe motzean