Hatz-aztarna WhatsApp Web irekitzeko

Hatz-aztarna WhatsApp Web irekitzeko Aplikazioak segurtasuna indartu nahi du, espioitza ekiditeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hatz-aztarna-whatsapp-web-irekitzeko/@@download/image/whatsapp-bloqueo-huella.jpg
2021/01/29
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Aplikazioak segurtasuna indartu nahi du, espioitza ekiditeko.
Hatz-aztarna WhatsApp Web irekitzeko

Ziur aski WhatsApp Web-en erabiltzaile bihurtu zaretela, batez ere telelanean ari bazarete; WhatsApp mezuak ordenagailuko pantailan irakurri eta bertatik erantzuteko aukera bikaina da denbora aurreztu eta mugikorra alboratzeko, soilik behar dugun horri erantzunez. Baina WhatsApp Web-ek badu arazo bat; ordenagailua itzali arren, askotan sesioa irekita gelditzen da, gure mezuak edozeinen eskuetan utziz. Arazo hori konpontzeko, aurrerantzean aplikazioak hatz-aztarna ala aurpegi bidezko identifikazioa eskatuko du sesio ireki aurretik.

Dakizuenez, WhatsApp Web irekitzeko orain arte nahikoa izan da QR kodea irakurtzea; baina hemendik aurrera, pauso hori eman aurretik mugikorraren eta beraz WhatsApp kontuaren jabeak garela frogatu beharko dugu. Segurtasun neurri hau beharrezkotzat jo dute WhatsAppeko arduradunek, bi arrazoirengatik; lehena itxi gabe utzitako sesioetan espioitza ekiditeko, eta bigarrena, mugikorra osten badigute mezuetara libreki iritsi ez daitezen.

Izan ere, WhatsAppek 2019tik ematen du mugikorreko mezuak babesteko aukera, dela hatz-aztarnarekin edo aurpegi bidezko identifikazioarekin. Horrez gain, WhatsAppek irekita dauden sesioez abisua igortzen du, nahiz eta baliteke erabiltzailea horretaz ez konturatzea.

Aipatutako neurri berri hau aurki jarriko dute martxan, WhatsApp Web pantailaren diseinu berriarekin batera. Horretarako, aplikazioaren azken bertsioa eguneratua izatea ezinbestekoa izango da.