Has dadila jazz festa!

Has dadila jazz festa! Uztailaren 25etik 29ra kontzertu zaparrada! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/has-dadila-jazz-festa/@@download/image/Captura de pantalla 2018-07-23 a las 11.06.04.png
2018/07/23
berria
Uztailaren 25etik 29ra kontzertu zaparrada!
Has dadila jazz festa!

Donostian jazz doinuak entzuten hasiko zarete laster; 53. Jazzaldia ate-joka dugu, urtero bezala, gustu guztiak asetzeko moduko egitaraua antolatu dute, baina... zer dago doan? Uztailaren 25etik 29ra bitarte. Ruben Blades, Izaro, Morgan, Gary Clark Jr. eta askoz gehiago!

Agertoki Berdean indartsu hasiko da aurtengo jaialdia. Ruben Bladesen saltsa doinuak izango dira entzungo diren lehenak, jazz latinoaren jarraitzaileentzat galdu ezineko kontzertua. New Yorkeko Too Many Zooz taldeak itxiko du jaialdiko lehen gaua. Beste hainbat kontzertu ikusi ahal izango dira lehen egunean; The Grateful Dead taldearen abestien jazz adaptazioak egiten dituen Bruce Barth Trio taldea Frigo Gunean, Old School Funky Family taldea Alderdi Ederren eta Endangered Blood taldea Coca-Cola Gunean.

Bigarren egunean, ez galdu Double Drums Quartet bi bateriaz osatutako taldea Frigo Gunean, Velma Powell & Blueday Fnac Gunean eta Dick Oatts & Victor de Diego Quintet Coca-Cola Gunean. Agertoki Berdeari dagokionez, Izaro euskal kantaria igoko da lehenengo eta ondoren, Gary Clark Jr. musikari estatubatuarra izango da.

Derek Brown: Beatbox Sax taldearena, Ainara Ortegarena eta Reunion Big Band Musikeneko taldearena dira hilaren 27ko jardunaldian nabarmentzen diren kontzertuak, Agertoki Berdean egongo diren kontzertuetaz gain. Desagertutako Buena Vida taldearen ondorengoa den Amateur taldeak joko du lehenengo eta Mikel Erentxunek ondoren.

Agertoki Berdeko azken kontzertuak larunbatean izango dira, Morgan Soul taldearen eta Anna Calvi abeslariaren eskutik.

Oso Fan taldeak azken egunean joko du, Heineken Terrazan. Noa & The Hell Drinkers talde donostiarra Fnac Gunean topatuko duzu, eta Sara Mansilla berriz, Alderdi Ederren. ZigJazzUnit taldeak itxiko du aurtengo Jazzaldia Frigo Gunetik.

Programazio osoa ikusi nahi? Joan Jazzaldiaren webgunera.