Hartzen santutegia

Vartius inguruan, Finlandia ekialdean, dago Europa osoko hartz arreen santutegirik handiena. Aske ibiltzen dira taigako baso zabaletan, nahieran, eta argazkilariek haiek behatzeko ezkutaleku kamuflatuak eraiki dituzte, hartzaren orroa irudi txundigarritan harrapatzeko asmoz. Izokin puskak jartzen dizkiete amu gisa, eta usaimenari esker, berehalakoan atzematen dute jakia ugaztun iletsuek. Ekologistek egindako azken zenbaketen arabera, 1.000 inguru daude Errusiarekin muga egiten duen Kainu eskualdean, eta haiek ehizatzea erabat debekatuta dagoen arren, inguruko merkatuetan hartz haragia aurki daiteke salgai.