Hartu parte XXIII. Gaztea Maketa Lehiaketan!

Hartu parte XXIII. Gaztea Maketa Lehiaketan! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hartu-parte-xxiii-gaztea-maketa-lehiaketan/@@download/image/gaztea_maketa_l_1395823114.jpg
2014/03/26
berria
Hartu parte XXIII. Gaztea Maketa Lehiaketan!
Beste urte batez, martxan da Euskal Herriko maketa lehiaketa ospetsuena, Gaztea irratiak antolatzen duena. Bertatik irten diren talde entzutetsuen zerrenda amaigabea da, tartean, azken hiru edizioetan garaile suertatu diren Enkore, Belako eta Skasti. Zure taldeari bultzada eman nahi badiozu, apirilaren 3ra bitarteko epea duzu proposamena bidaltzeko.


Euskal proiektu musikalak jendartean ezagutarazi, eta talde hasiberri nahiz ez horren hasiberriak indartzeko helburua du Gaztea Maketa Lehiaketak, eta urtez urte, dozenaka proposamen heltzen dira irratiaren web atarira. Izan ere, oso erraza da lehiaketan parte hartzea: hemen sartu eta aurkeztu nahi den kanta, taldearen oinarrizko datuekin batera, bidali behar da lehenik. Ondoren, taldearen bideoa igotzea ezinbestekoa izango da. Baina lasai, pausu guztiak sistemak berak azalduko baitizkizu.

Lanak bidaltzeko epea apirilaren 3ra bitarte izango da zabalik, osteguna, eta ondoren Gaztea atariko erabiltzaileek eta epaimahaiak izango du finalera pasako diren bost taldeak aukeratzeko ahalmena. Lehenen botoen arabera, bi talde pasako dira maiatzaren 16ko ekitaldira, eta epaimahaiak beste hiru hautatuko ditu.

Finala Bilborocken egingo dute, eta garaipena eskuratzeko, oholtza gainean nola moldatzen diren erakutsi beharko dute bost taldeek, zuzeneko indartsuak eskainiz. Ekitaldian bertan egingo dute sari banaketa, eta bi garaikur emango dituzte, Epaimahaiaren Saria eta Entzuleena. Biek ala biek diru-sariak eskuratuko dituzte, eta epaimahaiak aukeratutako bakarlari ala taldea uztailaren 10etik 12ra egingo duten Bilbao BBK Live jaialdian ariko da The Prodigy, The Black Keys, Franz Ferdinand, Phoenis edota Jack Johnson bezalako taldeekin. Ez aukera galdu!