Harribitxi biribilen maisua

Harribitxi biribilen maisua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/harribitxi-biribilen-maisua/@@download/image/mundu_bolaimg_2_1417779834.jpg
2014/12/10
erreportajea
TESTUA eta argazkiak: Dabi Piedra
Munduko bolak edo globoak eskuz eta zehaztasun zientifikoz egiten ditu Peter Bellerby ingelesak. Antzinako teknikak aztertu eta prozesuko pauso guztiak bere kabuz ikasi behar izan ditu, beste inork ez baitu eskuz globorik egiten.


Peter Bellerby kasualitatez hasi zen abentura honetan. Kontatu digunez, aitarentzat opari berezi bat nahi zuen, eta munduko bola bat ideia originala iruditu zitzaion. "Sorpresa galanta hartu nuen zorroztasun handiz egindako globorik egiten ez zela jakin nuenean, baina nik banekien erabat zehatza izan ezean, aitak ez zuela gustuko izango", esan digu. Hala, bere kabuz, bi bola egiten hasi zen, bat aitarentzat eta bestea berarentzat. Pixkanaka, enkargu batzuk jasotzen hasi zen eta, konturatu orduko, enpresa martxan zuen, Bellerby&Co; izen ponposo eta guzti.

Londres iparraldeko auzo jendetsu eta bizi batean, autoen piezak aldatzeko tailer baten atzean erdi-ezkutuan, Peter Bellerby eta bere laguntzaileak jo eta ke ari dira munduko bolen pieza guztiak tentu handiz egiten. Egia esan, kanpotik ikusita, tailer horretan goi mailako produktu esklusiboak egiten direnik ez luke inork esango. Baina, behin barrura sartuta, berehala ikusi ditugu hainbat munduko bola, harribitxi biribilak bailiran, bezerorik finenek noiz jasoko zain. Izan ere, Bellerbyren globoak artisau lana dira eta, era berean, geograforik jakintsuena asetzeko moduko zehaztasuna dute. Globorik sinpleenak egiteko, astebeteko lana behar dute tailerrean. Orain arte egin duten konplexuenak urte bi eta erdiko lana eman zien.

Peter Bellerbyren lantaldea etengabe hazten ari da. Dozena erdi laguntzailetik gora ditu tailerrean: batzuk globoei forma ematen diete, beste batzuk egurra landu, eta globoak eskuz margotzen dituzten artistak ere badituzte. Lantalde gaztea da eta elkarrengandik ikasten dute. Azken finean, teknika horiek ez dira inon irakasten. "XVI. eta XVII. mendeetako kartografoek ederki ikasi zuten globoak egiten, baina gero galdu egin zen jakintza hura, eta guk berreskuratu egin dugu", azaldu digu Bellerbyk. Prozesu guztia eskuz egiten den arren, teknologia berriei ez diete muzin egin. Maparik aurreratuenetan oinarritzen dira eta puntako inprimagailuak darabiltzate. "Zehaztasunik handiena lortu ezean, globoak ez du balio; Lurreko puntu bakoitza bere lekuan eta bere proportzioan agertu behar da".

Balio erantsia

Proiektuaren sortzailearen esanetan, bada aldea bere globoen eta modu industrialean egindakoen artean: "Lantegi handiek ez dituzte xehetasunak zaintzen, detaile txikietan dago aldea". Globo industrialen koloreak uniformeegiak diren bitartean, Bellerby&Coren; bola bakoitza pieza bakarra da. Eta ikuspegi geografikotik ere, industrialak ez dira eurenak bezain zehatzak. Horretaz gain, bezeroarenganako tratua nabarmendu du Bellerbyk: "Guregana datorrenak badaki bere globoaren atzean pertsonak daudela, makinen ordez". Bezero ugari dituzte: geografia gaietako adituak, arte zaleak, detaile bereziren baten bila dabiltzanak eta abar. Publizitaterik ez dute egiten, Bellerby&Coren; berri ahoz aho zabaltzen da. Filmetako dekoratuetarako egin izan dituzte globoak inoiz, eta baita enkante solidarioetarako ere. Globorik txikiena mila euro inguruan saltzen dute. Ez dira merkeak, baina kontuan izan behar da fintasunik goreneko artisau lanak direla.

Trebetasun izugarria eta pazientzia agortezina ezinbestekoak dira Industria Iraultzaren aurretiko teknika berreskuratuta munduko bolak egiteko. "Kontzentrazio handia behar da, baina gustura ari naiz honetan, eta bezeroen esker onak laguntzen dit", azaldu digu Bellerbyk. Tailerreko kideak agurtu eta Londresko kaleen zalapartara itzuli gara. Barruan, artisau taldeak bere lanari berrekin dio, bakoitza bere zereginean, erritmo lasaian, detaile guztiei merezi duten arreta eskainiz. Badakite esku artean darabilten globoetako bakoitza harribitxi errepikaezin bat dela.