Harreman sexualek heriotza arriskua gutxitzen dute

Harreman sexualek heriotza arriskua gutxitzen dute Sexuak onura nabarmenak ditu osasunean eta ongizatean, baina bere botereak oraindik urrunago doaz, heriotza uxatuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/harreman-sexualek-heriotza-arriskua-gutxitzen-dute/@@download/image/marriedsex-ES-articleLarge.jpg
2020/11/19
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Sexuak onura nabarmenak ditu osasunean eta ongizatean, baina bere botereak oraindik urrunago doaz, heriotza uxatuz.
Harreman sexualek heriotza arriskua gutxitzen dute

Sexua miragarria dela jakiteko ez dugu ikerketa zientifikorik behar; osasuntsua da, estresa uxatzen du, eta batez ere, plazer hutsa da, ongi sentitzeko sendagai paregabea. Baina sexuaren dohainak oraindik ere harago doazela deskubritu dute; Journal Of Sexual Medicine aldizkarian argitaratutako ikerketan azaldu dutenez, sexu harremanek heriotza arriskua gutxitzen dute.

Ikerketan AEBetako, Kanadako, Erresuma Batuko, Italiako eta Austriako ikerlariek hartu dute parte, eta sexu harremanak ariketa fisikoarekin alderatu dituzte, 20-59 urte bitarteko 15.269 lagunekin esperimentua abiatuz. Ikerketa burutzeko, 2005 eta 2016 urte bitarteko parte hartzaileen datuak jaso dituzte, eta urte haietako heriotza tasekin alderatu zituzten; prozesuan 7765 gizonek eta 7504 emakumek parte hartu zuten, bataz-beste 39 urtekoak.

Emaitzen arabera, parte hartzaileen %7k adierazi zuen ez zuela sexu harremanik izan, ala gutxi izan zituztela, eta %14k adierazi zuen urtean 104 sexu harreman inguru izan zituztela. Emakume eta gizonen sexu-harreman kopurua bertsua izan zen. Aldi berean, ikerketak iraun zuen 5 urteetan 228 lagun hil ziren, horietatik 69 minbiziarekin eta 29 bihotzeko gaixotasunengatik. Ondorioa argia izan zen; geroz eta sexu-harreman gehiago, orduan eta heriotza tasa baxuagoa. Zehazki, bihotzeko gaixotasunak edo minbizia zutenen heriotza tasa baxuagoa izan zen urtean gutxienez 52 sexu-harreman izan zituztenen artean.

Arrazoia ariketa fisikoaren onura ote? Bai, baina ez hori bakarrik; sexua praktikatzerakoan endorfinak askatzen dira, zoriontasunaren hormona, hain zuzen, gure ongizatea indartuz.