Hariz egindako zintzilikako labirintoa

Hariz egindako zintzilikako labirintoa Eguzkiari egindako eskertza-keinua da Ernesto Nieto brasildarraren arte-instalakuntza. Bisitariek hogeita bost metroko zabalera duen eta ia lau metrotara zintzilikatua dagoen labirintoa igaro dezakete. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hariz-egindako-zintzilikako-labirintoa/@@download/image/zintzilika horizontala.png
2021/07/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Eguzkiari egindako eskertza-keinua da Ernesto Nieto brasildarraren arte-instalakuntza. Bisitariek hogeita bost metroko zabalera duen eta ia lau metrotara zintzilikatua dagoen labirintoa igaro dezakete.
Hariz egindako zintzilikako labirintoa

Ernesto Neto artistak zentzumenentzako paisaiak sortzen ditu jende asko dabilen espazio publikoetan, bertatik igarotzen diren pertsonen eguneroko mugimenduak apaldu eta bere instalazio artistikoak ikusi eta usaindu ditzaten, euretan murgildu eta erlaxa daitezen azken finean. 

Orain arte egin duen lanik handienetakoa aurkeztu berri du Estatu Batuetako Houston hiriko Arte Ederren Museoan eta irailaren 26ra arte izango da zabalik erakusketa. SunForceOceanLife du izena artista brasildarraren obrak eta eskuz jositako hari hori, naranja eta berdez osatutako labirintoa da, bertatik igarotzeko modukoa, 25 metroko zabalera hartzen duena kiribilean eta ia 4 metroko altueran zintzilikatua. 

Obrak sua du ardatz, bizitza mantentzeko beharrezko dugun elementua. Erabilitako polimerozko hari bakoitza erre egingo dute amaieran, meditazio eta erritual sakratuekin bat eginez. 

Bisitariek labirintoan sartzeko aukera dute eta barruko bidea egiten dute; atal bakoitza plastikozko pilotez betea dago eta horrek euren oreka eta barne egonkortasunean arreta jartzea eskatzen die. Horrela, euren gorputza jarduera horretan barneratzen da, dantza edo meditazioa egiterakoan bezala, eta "erlaxatu, arnasa hartu eta pentsamenduen zurrunbilotik aska daiteke gorputza". Bisitariak airean dabilela sentituko du, hamakan etzanda egondakoan gertatzen denaren antzera.

"Espero dut obra honekin izandako esperientzia eguzkiari, su-bola erraldoiari, egindako eskertza-kantuaren parekoa izatea. Gure lurra, ozeanoak eta gure bizitzak ukitzean gurekin elkarbanatzen duen energia, egia eta boterearengatik sentitutako eskertzari egindako keinua da", adierazi du Neto sortzaileak.