Hana ***

Hana *** https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hana/@@download/image/75-p68.Hana.jpg
2007/06/04
kritika
Testua: Iñaki Lazkano
Aktoreak: Zuzendaria: Hirokazu Kore-eda. Aktoreak: Junichi Okada, Rie Miyazawa, Tadanobu Asano. Generoa: komedia. Herrialdea: Japonia. Urtea: 2006. Iraupena: 127 minutu. 
75.zenbakia
Zinema japoniar garaikideko egilerik iradokitzaileena da Hirokazu Kore-eda. After Life harrigarriarekin zur eta lur utzi zituen zinemazale guztiak aspalditxo Donostiako Zinemaldian. Nobody Knows drama laudatuak, aldiz, zinema sortzaile handi bihurtu du. Samurai xalo baten pasadizo xelebreak dakarzkigu Kore-edak dramaren mikatzaz zipriztindutako komedia sotil honetan. Aita hil zuen gizonaren aurka mendeku hartzeko asmoz iritsi da Aoki samurai gaztea Edo hirira. Ezpatarekin ez da oso trebea mutila, eta lege zaharreko samuraien mesprezua jasoko du berehala. Nolanahi ere, alargun eder baten maitasunak eta haurren irribarreak kaiolatuko dute haren bihotza. Mendekuaren aurkako alegatu samur bezain sentibera da.