Hamar minutu egunean nahikoak dira zoriontasuna eskuratzeko

Mann-en ustez garuneko osasun arazo gehienak zoriontsu izan beharraren presioagatik sortzen dira. Zoriontasuna lortzeko bidean estresa da eskuratzen dugun bakarra askotan eta presio horregatik erabat ahituak amaitzen dugu psikologikoki.
Hau ordea, ez da beti horrela izan. Zoriontasunaren bilaketa ideia modernoa da. Egun lanean zoriontsu izatea espero dugu, lehen ordea, gure familiak elikatzeko joaten ginen lanera, ez beste ezertarako.
Baina zer da zehazki zoriontsu izatea? Ba al dakigu? Zoriontasunaren bila joan aurretik ezinbestekoa da guretzat horrek zer esan nahi duen definitzea. Uste dugu gehiago irabaziz gero zoriontsuago izango garela, baina guztientzat balio al du horrek?
Guztia perspektiba eta denbora kontua da. Mann-en planaren arabera egunean 10 minutu nahikoak dira zoriontsu izateko. Minutu horiek nahikoak dira gelditu eta dugunaz hausnartzeko, lortu duguna behatzeko eta zer lortzen jarraitu nahi dugun zehazteko.
Psikologo kliniko bezala eskuratutako bere esperientzi eta ikerkertetan oinarrituz Sandi Mann-ek teoria bat garatu du zoriontasun egoera egunero bizi dezagun.
Teoria hau egunero planteatu beharreko sei galderetan oinarritzen da:
1. Zein esperientziek, xumeak izanagatik ere, gogobete zaituzte?
Lagunekin arratsaldean hartutako kafeak edota zure artista gustukoenaren disko berria bezalako detaile txikiek zoriontasun uneak dakartzate.
2. Komentario atseginak jaso al dituzu?
Laudorioek ahuldu egiten gaituztela dioen baieztapena ez da egia. Askotan nekarazten gaituena kritika negatiboetan erdiratzea da eta positiboei kasurik ez egitea.
3. Zerrek sentiarazi zaitu zorionekoa zarela?
Batzuetan badirudi zorte onak izkin egiten digula. Baina beharbada, besterik gabe askotan ez dugu bere presentzia atzematen aurrean edukita ere. Ez al da ba sekulako zortea semaforo guztiak berdean aurkitzea lanera presaka goazenean?
4. Zein izan dira zure lorpenak, txikienak izanik ere?
Eskailerak erabiltzea igogailua beharrean ez da agian gauza handia, baina izan liteke lorpen txiki bat.
5. Zerrek sentiarazi zaitu esker oneko?
Nian zentratuegiak bizi gara eta horrek askotan ez digu gure ingurua behatzen uzten. Begiak ireki eta detaileetan arreta jartzeak zoriontsuago egingo gaitu.
6. Zein modutara adierazi duzu adeitasuna?
Egozentrismoak ez digu uzten ulertzen besteengatik zerbait egitea ere atsegina izan daitekeela. Besteei laguntzean gure burua laguntzen dugu gehien.
Psikologo kliniko honek egunaren bukaeran errutina bat finkatzea aholkatzen du pentsatzeko eta egunean zehar lortutako garaipen guztiak errepasatzeko. Idaztea ere beharrezkoa da denbora bat pasa ondoren kontsultatu ahal izateko. Memoria asoziatiboak momentu txarrak gogorarazten dizkigu soilik aldarte baxuan gaudenean, horregatik garaipenak paperera pasatzea baliabide oso erabilgarria da momentu horietarako.
Haatik, argi dago Mann-ek metodoak ez duela zoriontasuna bermatzen, ondorio positiboak ekar ditzake ordea gogo aldartea hobetuz eta estresa ere intentsitatez jaitsiz. Halere, argi uzten du du ez dela panazea bat, mota honetako aholkuek funtzionatzen ez badute, beharbada nahaste psikologikoren bat pairatzen egon zintezke eta horrelakoetan onena profesional bati kontsultatzea izan ohi da.