Hamar milioi Ainhoa

Hamar milioi Ainhoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hamar-milioi-ainhoa/@@download/image/28p45-1_1369161979.jpg
2003/03/07
erreportajea
Amets Arzallus
Hamar milioi Ainhoa


Hamar milioi. Hamar milioi botok gehiengo osoa ematen dute Espainiako hauteskunde orokorretan. Hamar milioi. Hamar milioi lagun atera ziren kalera Europan Gerrari ez esateko. Hamar milioi, hamar Bilbo dira. Eta Galdakaorekin neurtuz gero, auskalo zenbat Galdakao osa litezken hamar milioi lagunekin.
Hamar milioi gutxi gora behera. Bai, hamar milioi Galdakao. Izan ere, azken aldian Galdakaon pertsona bakarra bizi dela dirudi. Ainhoa. Hamar milioi Galdakao beraz, eta hamar milioi Ainhoa. Hamar milioi izan baitziren telebista bidez OTn Ainhoaren garaipena ikusi zutenak. Hamar milioi; ohartzen al zarete? Ikusten al dituzue hamar milioi? Ez. Ez baita posible, pentsatzen jarri eta pertsona batek hamar milioi lagun ikustea. Baina posible da hamar milioi lagunek pertsona bakarra ikustea. OT lekuko. Hamar miloi Galdakao, hamar milioi Ainhoa, eta hamar milioi OT. Normala OT? 

Baina, ai, gure Ainhoa... Euskal Herriak Europan ez du ahotsik. Eta Ainhoa, alferrik saiatu zara Eurovisionerako sailkatzen. Israeldarrek bai, baina euskaldunek ez dute Eurovisionen kantatzen. Euskaldunek Santa Ageda bezperan kantatzen dute. Edo sagardotegietan, kupelaren berotasunean. Edo soziedadean, lagunartean ongi afaldu eta gero. Eta orain, Ainhoa, Eurovision ahaztu, eta hori ikasi behar duzu. Santa eskean, sagardotegian, eta soziedadean kantatzen. Ez dira hamar milioi lagun begira egoten, baina polita da, hala ere. Politagoa.

Basetxea



Basetxean oso “rollo” ona dago lehiakideen artean. Anibalekin “mobida” batzuk izan zituzten, baina kalera bota zuten eta “ya esta”. Pasatzen ari dira “guay”. Tarteka euskarari ostiko batzuk ematen dizkiete, baina bestela, “de p... madre”.

Reala telebistan



Azkenean hasi dira Realaren partidak telebistan ematen. Azken urteetan, txuri urdinak telebistan ikusteko, gutxienez Real Madrilen aurka jokatu behar zuten. Aurten behintzat, Celta, Betis, Rayo Vallecano, Sevilla... edozein talderen aurka ari dela ere, telebistaz ikusi ahal da. Aurten erreala baita Reala.