Hamar egun dituzu zure lana Surfilm Festibalera bidaltzeko!

Hamar egun dituzu zure lana Surfilm Festibalera bidaltzeko! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hamar-egun-dituzu-zure-lana-surfilm-festibalera-bidaltzeko/@@download/image/surfilm_marrazo_1363855739.jpg
2013/03/21
berria
Hamar egun dituzu zure lana Surfilm Festibalera bidaltzeko!
Ekaina hasieran egingo dute Donostian Surfilm Festibal jaialdiaren 11. edizioa, eta bertan parte hartu nahi baduzu, hamar eguneko epea duzu zure lana bidaltzeko. Ekoizpen txikiak, ertainak, handiak… berdin dio! Haiek kontatzen duten istorioa, atzean dituzten bizipenak du garrantzia.


2003an hasi zuten Surfilm Festibal egitasmoa, eta urteen poderioz filmak, musika, artea eta ingurugiroa biltzen dituen jaialdi bilakatu da, beti ere, surfa oinarri hartuta. Donostiako Zurriola hondartzan eta beronen inguruan hamaika ekitaldi antolatzen dituzte bospasei egunez, ekaina hasieran, eta bertako zein nazioarteko surflari eta zaletuek ez dute hutsik egiten zitara.

Aurtengoan ere giro aparta eta ikuskizun paregabeak eskaintzeko konpromisoa hartu dute antolatzaileek, eta horretarako, film lehiaketa irekia egingo dute beste behin. Lanak bidaltzeko epea apirilaren 1era bitarte izango da zabalik, eta email bidez edota kopia fisikoa eramanda entregatu ahal izango dira. Datu guztiak, hemen.

Formatuei dagokienez, film luzeak (40 minutu baino gehiagoko iraupena dutenak), film ertainak (40 minutura bitartekoak), film laburrak, webisodak edota bideo biralak izan daitezke. Hori bai, beste inon aurkeztu eta estreinatu gabeak, Donostian nazioarteko ikuslegoari lehen aldiz erakutsi ahal izateko.

Azken urteetan Alby Falzon, George Greenough, Andrew Kidman, Patrick Trefz, Taylor Stleele eta beste  hainbat eta hainbat sortzailek hartu dute parte, eta beren lan ikusgarriekin surf zaletuak eta ez direnak ere hunkitzea lortu dute. Istorio indartsuak behar dituzte Surfilm Festibaleko lagunek, ekoizpena baino garrantzitsuagoa baita gertaera zirraragarri eta sinestezinak kontatzea.