Haika neskatxa, altsa hadi!

Haika neskatxa, altsa hadi! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haika-neskatxa-altsa-hadi/@@download/image/altxa_neskatxa_1357829609.jpg
2013/01/04
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena
Neska gazte eta euskaldun talde bat batu berri da Lapurdi kostaldetik, ozen, "feminismoaren oihua" Ipar Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz. Elorri Arin eta Jenofa Berhokoirigoin Altsa Neskatxa taldeko partaide dira, beraiekin hitz egin dugu.


Noiz, noren ekimenez eta ze helbururekin sortu zen Altsa Neskatxa?
Lagun taldeen artean emazte izateaz eta horrek dakarzkigun egoerez edota arazoez askotan hitz egiten ginuela konturatu ginen lehenik, eta horren inguruan lanketa berezi bat egiteko beharra sentitu ginuen ondoren. 2011ko neguan osatu ginuen gure taldea eta kasik urte bat pasatu dugu autoformatzen. Orain hasiko gira plazara ateratzen eta ekimen ezberdinak antolatzen. Elkarretaratzeak deitu ditugu, autodefentsa tailerrak antolatu, herriko bestetan ere eragiten dugu eta, berriki, Eguberriko oporrekin batera, joko sexisten aurkako kanpaina bat egin dugu. Mota ezberdinetako ekintzen bidez, feminismoa errotu nahi dugu Ipar Euskal Herrian.

Ze mezu zabaltzen duzue?
Noski, eraso sexisten aurkakoa; gure gorputzaren jabe garela oroitaraztea; abortu eskubidearen aldeko mezua. Abenduaren 1ean Miarritzeko apezpikuak antolatu Biziaren Aldeko Solasaldian elkartu ginen abortuaren aurkakoen aurrean, eskubidea lortu izanik ere beti dagoelako atzera egiteko arriskua eta, beraz, adi egon behar dugu. Genero-rolen inguruko kontzientzia harrarazi nahi dugu, hori ulertuz gero anitz gauza alda ditzakegulako, gure buruetan lehenik eta jendartean gero. Aldaketa ttipien batuketak ekarriko du helburu handi horren betetzea.

Ba al duzue aurrekaririk edo erreferenterik?
Huts baten betetzeko sortu ginuen gure taldea. Noski, badira Ipar Euskal Herrian talde feminista batzuk: Emazteek Diote, Bortizkeria Sexistaren Aurkako Kolektiboa... baina gure gurasoen belaunaldiak sorturikoak dira eta egia da lekukoa pasatzea ez dutela lortu, edo guk ez dugula jakin lekukoa hartzen. Gazteen artean, mugimendu feminista falta dugu eta horri erantzuteko osatu dugu Altsa Neskatxa. Ez ginuen arazorik beste talde horiekin, baina guk geure hausnarketa egin nahi ginuen eta geure bidea marraztu. Noski, hastapen-hastapenetik gira gainontzeko talde feministekin harremanetan, eta geroan ere hala segituko dugu. Denon artean errazagoa izango zaigu!

Non aritzen zarete eragiten?
Gure borroka eremua Euskal Herria da. Aldiz, eguneroko bizitzan lan egiteko Lapurdi kostaldean zentratzen gira momentukotz. Sortu berriak gira, baina pixkanaka bagoaz fruituak hartzen eta jendearen aldetik interesa ikusi dugu, nahiz eta zurrumurru negatiboak ere badauden batzuek ezjakintasunetik hitz egiten dutelako: "Zer da neska talde berri hori? Zergatik neskak bakarrik?" Dena dela, publikoari irekitzen gatzaion neurrian, iritziak ere aldatzen dira.

Zerk ezaugarritzen zaituzte?
Gizarte patriarkalaren aurka borrokatzeko prest gauden neska gazte, euskaldun eta euskal hiztunak gara. Azken hau garrantzitsua da, Ipar Euskal Herrian kontzientzia feministarik ez den moduan, euskaldun izatearena ere ez doa-eta azkar. Guk Euskal Herria feminista dugu helburu, eta gaurko ereduak emazteoi inposatzen dizkigunak apurtzeko, lehenik gure artean antolatu behar dugu eta gogoeta egin.

Kontzientzia falta dagoela aipatu duzu.
Bai. Gazteon artean lan handia dago egiteko, guk dugulako biharko gizarte normatiboa aldatuko. Feminismoak ikusia eta entzuna izan behar du Ipar Euskal Herrian.

Orain arte ez baita halakorik gertatu.
Iduritzen zaigu Hegoaldean errotuagoa dagoela emazteen borroka, militante gehiago dauzka eta ez du hemen daukan irudi negatiboa. Han ez dira arraroak hitzaldi, gaualdi eta ekimen feministak; hemen oso jende gutti erakartzen dute.

Eta instituzioei dagokionez, nola jokatzen dute?
Argi da hemengo erakundeek ez dutela ikuspegi feminista txertatu haien politiketan. Baliteke ardatz batzuk planteatuak izaitea, batez ere eraso sexisten aurka, eta hori maiz agertzen da pertsona jakin batzuek egin lanari esker. Interesgarria da, adibidez, Baionako Herriko Etxeak sortu zuen Emazteen Aurkako Bortizkeriaren Behatokiak egiten duena. Gobernu frantsesari dagokionez, asko dute egiteko eta hartzen dituzten neurri ttipi eta sinbolikoak ez dira aski. Emazteen Ministerioa sortu du François Hollandek... ikusi beharko plano sinbolikoan geldituko diren bakarrik ala ausardia ukanen duten.

Zer ikusten duzue zuek karriketan, gazte jendearen artean?
Ttipi-ttipitarik ipuinen, oharren, kontseiluen edota manuen bidez pasatako mezuen ondoriozko rol banaketa nabari da. Betikoa: neskak eztia, isila, lasaia izan behar duela; eta mutilak ausarta eta espazioaren jabe. Noski, orokortzea ez da ona, errealitate anitzen ondotik pasatzen garelako, baina bada hor eraikuntza sozial bat, hautsi beharrekoa, esan gabe doa. Argi dugu hezkuntzari garrantzi handia eman behar diogula.

Zer diote emazteek?


Altsa Neskatxa ekimen sortu berriak bere bidea eginen du, nahiz eta baduen nori begiratu; beste belaunaldi batekoak izanen dira beharbada, baina eskarmentuan onduak.

Emazteek Diote elkartea 1981ean sortu zuen Hazparne eta Bastida eskualdeko emazte talde batek, Euskal Herrian sakoneko jendarte aldaketa baten alde eragiteko. Hiru hamarkada geroago, Lapurdi eta Baxenafarroa osoko aunitz herritako emazteek segitzen dute ber helburuekin aitzina lanean: "Emazteen eskubideen bermatzea, hezkuntza eredu ez sexista sustatzea eta, hauekin batera, baita osasuna eta ekologia zaintzea, laborantza biologikoa suspertzea eta, bidenabar, Euskal Herriaren eraikuntzaren alde ekarpena egitea".

Martxoaren 8a edo azaroaren 25a bezalako data seinalatuetan ez ezik, urte osoan zehar antolatzen dituzte tailer eta hitzaldiak hainbat gairen inguruko kezkak eta indarrak aktibatzeko: "Nork bere sexualitatea askatasunez bizitzeko eskubidea; haur bat ukaiteko edo ez ukaiteko hautua; medikalki lagunduriko haur sortzea eskuratzeko aukera bikote eta banakoentzat; lesbiana, gay, bisexual eta transexualek ezkontzeko nahiz umeak adoptatzeko duten eskubidea...  ez da soilik diskriminazioa zuzenki jasaten dutenen ardura".

Hainbat datu emazteen aurkako indarkeriari buruz


• 444 emazte lagundu zituen iaz Emazteen Eskubideei Buruzko Informazio Zentroak. Egoitza Baionan du, baina permanentziak atxikitzen ditu Donapaleun, Donibane Lohitzunen, Miarritzen eta Hendaian.

• 200 emaztek indarkeria salatzen dute urtero Baionako Auzitegian.

• Bi egunetik behin, baxenafartar edo lapurtar batek jartzen du bikotekidearen aurkako salaketa. Zuberoakoek Paubeko Auzitegira jotzen dute eta, horregatik, zailagoa da hauek kontabilizatzea.

• Salaketen %75ek egiten dute aurrera. Urtero, soilik 25 eta 30 kasu bitarte epaitzen dituzte berehala.

• 2010eko abenduan sortu zuen Emazteen Aurkako Bortizkeriaren Behatokia Baionako Etxeak. Orain, Ipar Euskal Herri osora zabaldu nahi dute.