'Gureak Egin', Iruñerriko gazteentzako kultur sormen laborategia

'Gureak Egin', Iruñerriko gazteentzako kultur sormen laborategia Euskarazko kultur adierazpideetara gerturatu, loturak eraiki eta eredu propioak sortzea izango du helburu ekimenak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gureak-egin-irunerriko-gazteentzako-kultur-sormen-laborategia/@@download/image/sormena_web-1024x565.jpg
2021/09/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskarazko kultur adierazpideetara gerturatu, loturak eraiki eta eredu propioak sortzea izango du helburu ekimenak.
'Gureak Egin', Iruñerriko gazteentzako kultur sormen laborategia

Euskaraz jardungo duen 15-18 urte bitarteko gazteei zuzendutako kultur transmisiorako eta sormenerako laborategia da Gureak egin izeneko programa. Laborategiak "gertuko kultur errealitatean izango du oinarria", eta "esperientzia bakar eta berezia" izango dela adierazi dute. Kultura euskaraz sortu eta ematen duten kultur adierazpideetara gerturatzea dute helburu, "inguruko errealitatean eta testuinguruan arreta nabarmena jarriz". 

Aisialdi eskaintza hutsetik harago doan proiektua dela nabarmendu dute, praktika sortzaile edo artistikoak burutuz, bertako kultur adierazle eta espresioekin lotuneak eraiki eta eredu propioak sortuko dituena: "Inguratzen gaituzten kultur zeinu, ohitura edota espresioetara hurbilduz geure aldarrikapen propioak eraikiko ditugu Gureak Egin-en. Kultur adierazpide eta praktikek, inguratzen gaituena hobe ulertzeko, berau zalantzan jartzeko edo trinkotzeko tresnak ematen baitizkigute".

Honako asmo hauek zehaztu dituzte: Iruñean bizi diren kultur adierazpenak ezagutu, transmititu eta lantzea; emozioak, iritziak eta ideiak sormenaren bidez adierazteko baliabideak eskaintzea; esperientzia estetikoa norbanakoa eta gizartea eraikitzeko lanabes gisa lantzea; pentsamendu kritikoa garatzen laguntzea; genero-estereotipoak eta desberdintasunak gainditzen lagunduko duten erreferente kulturalak ezagutzera ematea eta sortzea; eta harremanak euskaraz saretzea.

Saioak urriaren 15etik maiatzaren 27ra egingo dituzte, ostiralero, 16:30etik 18:30era. Laborategiko programa Oier Zuñiga aktoreak, Ion Celestino musikariak eta Aritz Ibañez dantzariak gidatuko dute, eta Iruñerriko kultur-munduko hainbat eragileren parte-hartzea ere izango da: Chill Mafia-ko kide den Beñat Rodrigo musikaria, Oihan Indart dantzaria, Albina Stardust drag queena, Nerea Eugi eta Itxaso Martinez (Martxoak 8-ko sokadantza), Iruñeko inauteri euskaldunetako Iruinkokoa, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa eta Idoia Tapia musikariak, Habia musika taldeko kideak, Jon Ander Urresti antzerkigilea eta Amaren Alabak kantariak.

Mintegian parte-hartzeko izena eman behar da urriaren 13a baino lehen. Ikasturteak 150 euroko kostua izango du.