Guk koadrilan? Euskaraz

Guk koadrilan? Euskaraz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/guk-koadrilan-euskaraz/@@download/image/54p22-1.jpg
2005/07/01
erreportajea
Olatz Lasagabaster
Guk koadrilan? Euskaraz
Hamabost urte dira Kuadrillategi proiektua martxan jarri zenetik. Proiektuaren helburu nagusia lagun koadrilek euskaraz egitea da, eta lortu ere, lortu dute. Asko dira urte hauetan programa honetan parte hartu duten koadrilak, eta gerora, euskaraz hitz egiten jarraitu dutenak. Aisialdi eskaintza baten truke, euskaraz hitz egingo dutela hitz eman behar dute gazteek, ez besterik. 

Posible da lerro hauek irakurtzen ari zaren bitartean, zure buruari galdetzea: baina, benetan behar al da koadrilak euskaldunduko dituen egitasmo bat? Erantzuna baiezkoa izan daiteke, izan ere, zenbatetan gertatu da koadrila batean euskaraz ez dakiena kide bakarra izanik, horregatik soilik, erdarara jotzea? Edo, koadrilako guztiak euskaldunak izan arren, esan nahi duguna hobe azalduko dugulakoan, erdarara jotzea? Guztioi gertatu zaigu hori momenturen batean: bai kalean, bai familiartean, eta baita lagunekin gaudela ere.

Hori gerta ez dadin, pausoa eman nahi du Kuadrillategi proiektuak. Koadrilek baldintza batzuk bete behar dituzte proiektuan parte hartzeko: hasteko, koadrilako kide guztiek euskaldunak izan behar dute; guztiek B edo D ereduetako ikasleak izan behar dute, eta 13-16 urte bitartean izan behar dituzte; bestalde, gutxienez bost lagunek eman behar dute izena, eta Kuadrillategin parte hartzen duten denbora tarte horretan, euskara hutsez aritu behar dira. Euskaraz ondo edo gaizki aritzea, horrek ez du hainbesteko garrantzirik. Lagunartean euskaraz egitea da kontua.  

Diego Egizabal, Kuadrillategiko koordinatzailearen esanetan "hasieran egitasmoa arrotza gertatzen da, ez baita arrunta izaten taldekako izen emateak eskatzen dituzten aisiako eskaintzak topatzea. Gainera, gurean euskaraz ariko direla hitz eman behar dute parte hartzeko". Diego Egizabalen ustez, euskararekiko kezka duten koadrilek errazago ematen dute izena Koadrillategin, "eta, era berean, koadrila hauek hizkuntza ohituren aldaketa prozesua azkarrago abiatzen dute, aldaketa prozesu hori bera dutelako helburu",

Euskarak erdararen lekua har dezan

Aisialdi denborarako eskaintza egiten dute Kuadrillategitik, euskara hutsez. Herri bakoitzeko begiraleek, gazteekin batera hitzartzen dituzte hurrengo hiru hilabetetarako izango diren jarduerak. Jarduera hauek era askotakoak izaten dira: sukaldaritza tailerrak, sexualitate tailerrak, ibilaldiak, abentura kirola… Astean hiruzpalau ordu ematen dituzte egitasmoan, eta tarteka, asteburuko irteerak ere egiten dituzte.

Koadrila guztiek ez dute denbora tarte bera egiten Koadrillategiren barruan, baina hizkuntza ohituren aldaketa prozesua martxan jartzeko, 68 bat ordu (lauzpabost hilabete) behar direla dio Egizabalek, eskuartzean zenbat eta denbora gehiago eman, orduan eta eraginkorragoa izango delako.  

Urtetan izan ditugun ohiturak aldatzea ez da erraza izaten, eta gauza bera gertatzen da hizkuntza ohiturekin ere. Egizabalek adierazi duenez, "ohiturak aldatzeko eskatzen diegunean, ezinbestean kideen arteko hartu-emanak aldatzeko eskatzen diegu, eta ohiturak aldatuko dituzte, baldin eta horrek kideen arteko hartu-emanak hobetzen baditu. Euskaraz hitz egitea inoiz ohitura bihurtuko bada, koadrilako kideek, beraien larruan bizi behar dute euskarak %100 bete dezakeela lehenago erdarak betetzen zuen leku hori".

Emaitza onak 15 urtetan


Kuadrillategi proiektua 1990. urtean jarri zen martxan lehen aldiz, Pasai Antxon egindako saiakerarekin batera. Gaur egun indarrean dagoen diseinua, ordea, 2001. urtekoa da. Bilakaera handia izan da diseinu batetik bestera, batez ere metodologiari dagokionez. Herri askotan jarri da martxan proiektua, eta gaur egun ia 1.600 gazte biltzen ditu; Lasarte-Oria, Pasaia, Deba, Aretxabaleta, Atarrabia, Burlata eta Uhartekoak.

Herri euskaldun edo erdaldunetan, horrek ez du axola, euskaraz aritzeko gogoa benetakoa bada. Hamabost urte joan dira eta Kuadrillategikoen lanak aurrera segitzen du. Aisialdiko denbora euskaraz igaro nahi baduzue, hementxe duzue aukera. Kuadrillategi proiektuan parte hartzeko nahikoa duzue kuadrillategi@euskalnet.net helbidera mezu bat bidaltzea.

Eta ondoren ere, euskaraz?



Koadrillategi egitasmoan parte hartzen duten bitartean, koadrilako kideek euskaraz hitz egiten dute elkarrekin, baina behin egitasmoa amaituta, nola ziurtatu, emandako aurrerapauso horiek mantendu egiten direla?
Bada, 2001. urteko diseinuaren eraginkortasun maila neurtzeko asmoz, bi urteko ikerketa egin zuten Koadrillategiren arduradunek, eta emaitzak onak dira. Egun, ikerketa horretan erabilitako neurketa eredua dute indarrean, eta horri esker, ikasturtero jakin dezakete nolako aurrerapenak izan diren koadrilan urtebeteren buruan. “Oro har, agindutako baldintzak betez gero, Kuadrillategin parte hartzen duten koadrilek, nabarmen hobetzen dute euskararen erabilera.”, dio Egizabalek. 

"Euskara bultzatzeko eta ongi pasatzeko eman genuen izena"



Kuadrillategin parte hartzen ari diren koadrila bateko hiru neskekin izan gara solasean: Motz, Nerea eta Pirrirekin, hain zuzen. Hamasei urte dituzte, eta lasartearrak dira. Berez, hamar bat dira koadrilan, baina bostek eman zuten izena: Motzek eta Nereak bi urte daramatzate egitasmoan; Pirrik, aldiz, amaitzear den ikasturtearen hasieran eman zuen izena. Gustura dabiltza Kuadrillategin: parte hartzaileen artean giro ezin hobea dagoela aitortu digute, eta oso ongi pasatzen dutela.

Nola bururatu zitzaizuen Kuadrillategi bezalako proiektu batean izena ematea?
Eskolara etorri ziren ea izena emango ote genuen galdetzera, eta animatu egin ginen. DBHko hirugarren mailan beti pasatzen dira eskolatik, norbaitek parte hartu nahi badu, aukera izan dezan.

Zuen artean erdaraz egiten zenutela, eta horrelako egitasmo batean parte hartzea ongi etorriko litzaizuekeela ikusi zenuten?
Ez. Guk euskaraz egiten dugu, behin ere ez dugu erdaraz egiten. Ongi pasatzeko eman genuen izena; beno, horretarako, eta euskara bultzatzeko.

Zuekin batera aritzen diren beste taldeengan ikusten al duzue aldaketarik?
Bai. Badira bi neska, normalean erdaraz egiten dutenak, eta hemen euskaraz ari dira beti. Kalean ikusiz gero ere, lehen beti erdaraz aritzen ziren, eta orain euskaraz egiten dute lehen hitza.

Zer motatako ekintzak egiten dituzue?
Ttakun Kultur Elkartearen lokalean egiten ditugu zenbait jarduera, baina txangoak eta bestelakoak ere egiten ditugu: graffitiak, mimo tailerrak, sexualitatea eta drogari buruzko tailerra, sukaldaritza, masajeak, abesti bati hitza aldatu diogu… denetarik egiten dugu, datorren astean esaterako, Bidarraira joango gara raftinga egitera.

Gustura zabiltzatela antzematen zaizue. Zer balorazio egiten duzue orain arteko esperientziaz?
Oso ona. Jendea ezagutu dugu, eta begiraleekin oso harreman ona dugu. Esperientzia polita izaten ari da.