Graffitiaren lehia

Graffitiaren lehia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/graffitiaren-lehia/@@download/image/6p30-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Asier Azpilikueta
Iruñea ez da New York, baina bertako graffiti idazleen mugimendua indartsua da, gaztea izanagatik ere. Hiriko paretei so bertzerik ez da egin behar. Pintada politiko eta afixen artean, gainean, azpian edo ondoan, graffitiek hiriko horma biluziak koloreztatzen dituzte.

Ez dezala inork arte asmorik bilatu grafitien hizki bihurrien artean. Graffiti idazleek euren izena idazten dute, bertzerik ez. Horregatik dira idazleak. Autografoak ematen dituzte. Ahalik eta toki gehienetan idaztea da idazle hauen zioa, ahalik eta jende gehienak ikus dezan. Euren aldeko publizitate kanpaina da. Egozentrismoa? Baliteke.
"Nire izena idazten dut eta hizkiak laguntzeko, marrazkiren bat ere egiten dut. Anabasaren artean geure burua nabarmentzen saiatzen gara. Horregatik geroz eta mural handiagoak egiten ditugu, edo izena behin eta berriz idazten dugu". SIEren hitzak dira. Iruñeko Donibane auzoko 23 urteko gaztea da eta graffitia izugarri atsegin du. "Droga da niretako", dio. Berak lagundu digu graffitiaren mundua ulertzen. SIE, gaztea izan arren, Iruñeko grafiti mugimenduko zaharrenetako bat da. Aste Santuan New York hirian izan zen pintatzen.
Geroz eta graffiti gehiago
Iruñeko graffiti mugimendua gaztea da, baina indartsua. "Iruñean anitz aitzinatu da. Duela pare bat urte hogei bat ginen. Orain hogei horiez gain, askoz ere jende gehiago etorri da. Kantitate handi horrek kalitatearen handitzea ekarri du. Egun Iruñea erreferentzia puntua da, ihardueragatik eta kalitateagatik".
Dena dela, SIEk dioenez, geroz eta zailagoa egiten zaie pintatzea. "Ez dute baimenik ematen. Eta alde libre asko suntsitu egin dute. Adibidez, Donibane elkarteko murruaren erdia baino gehiago bota dute. Eta Argaren inguruko murruetan huntza paratu dute. Baina, dena den, pintatzen segitzen dugu".
Eta, hala eta guztiz ere, geroz eta graffiti gehiago ikusten da Iruñean. "Orain errazagoa da informazioa lortzea. Aldizkariak eskuragarriagoak dira, baita pintura ere. Horregatik geroz eta jende gehiago ari da graffitiak egiten. Baina horrenbeste jende dagoenez, zenbaitzuk plagioan erori dira. Eta hori oso gaizki ikusia dago gure artean. Baina era berean, ulergarria ere bada, jendeak gustatzen zaizkion gauzak imitatzen baititu".
Graffitizaleen arteko lehia hagitz handia da, SIEk adierazi duenez. "Graffitiaren garapena lehian datza. Adibidez, Kaos izugarria da! Kristoren errespetatua diot, leku guzietan baitago, auzo guzietan, hamaika modutan: eranskailuetan, errotulagailuekin, sprayarekin, zilarretan, burbuiletan... Hortxe dago lehiaren muina. Nirea ikustea nahi dut, horregatik borrokatzen dut. Lehia sanoa da, hobetzen laguntzen dizu eta. Bertzea baino hobea izan nahiak bultzatzen du zure hobetzea".
Taldearen garrantzia
Graffitia, berez, nahiko kontu indibidualista da, norberaren izena idaztea baita oinarria. Hala ere, taldeak sortzen dira. Eta orduan taldearen izenak du garrantzia. SIE hainbat taldetan dabil: VFC, DRKids, MD-Kids, Wet Paint… VFC talde handia da, bere eragina zabaldu egin da eta Iruñeaz haratago doa. VFC Bilbon, Irunen dago eta baita Zaragozan ere. SIEk orain gutitan idazten du bere izena, nahiago du taldearena paratu. "Taldea oso garrantzitsua da", erran du. "Muralak egiteko beti nire jendearekin joaten naiz. Eta bonbardaketa egitera baldin banoa, laguna badut hagitzez hobe. Bertze batekin esperientzia partitzea dibertigarriagoa da".
Orain, erran bezala, graffiti idazle anitz dago lehia horretan. Eta Udalari zailagoa egiten omen zaio paretak garbitzea. "Adibidez, txundigarria da ikustea Alde Zaharrean zenbat lan dauden. Lehen sinaduraren bat edo zilarraren bat zegoen soilik. Orain, ia karrika guzietan ikus ditzakezu sinadurak, zilarrak, zierreak… Horretan ikusten da graffitia oso finkaturik dagoela Iruñean".