Gotikoak

Gotikoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gotikoak/@@download/image/75-p39.Gotikoak7.jpg
2007/06/01
erreportajea
Testua: Ander Usabiaga. Argazkiak: Galder Izagirre
Gotikoak
Aurpegi zurbila. Makilaje ugari. Arropa beltza. Beroki luzea. Larrua. Eztenak. Gurutzeak. Nortzuk dira gotikoak?

Topikoen arabera, gotikoei gaua eta iluntasuna gustatzen zaizkie. Baita Erdi Aroa, gazteluak, kanposantuak eta banpiroak ere. Musikari da-gokionez, Bauhausek edo The Curek eragin handia izan zuten garai batean, eta gaur egun, beste talde batzuek, positive punk edo death rock etiketen azpian. Zineman, beldurrezko filmak eta Tim Burton zuzendariarenak maite dituzte. Artezaleak dira. Eta literatura ere asko gustatzen zaie: Lord Byron, Poe edo Baudelaire. Baina horiek topikoak dira. Hitz egin dezagun, beraz, gotikoekin.

Gorka Magaña Irungoa da. 14 urte ditu. "Gotikoa kultura bat da. Ez dago definiziorik, izaki bakoitza independentea delako. Bakoitzak bizitza ulertzeko era propioa du". Dena dela, Gorkak bere iritzia eman digu: "Aspaldiko Germanian oinarritutako kultura da gotikoena, garai hartan erromanikoa irauli zuen arteaz ari gara; nire ustez, gotiko modernooi horregatik gustatzen zaizkigu hainbeste antzinako gauzak. Pertsona normalen pentsaeraren kontrakoa da gurea; de-na askoz gehiago sentitzen dugu, eta heriotzak gehiago erakartzen gaitu gainerako pertsonak baino".

Begibistakoa da beltza maite dutela. "Luto jantzia da, gizon-emakumeengatik, ez baitute bizitza behar bezala baloratzen; guk, gotikook, askoz gehiago baloratzen dugu". Janzkera 70eko hamarkadako Londresen sprtu zen, post-punkaren garaian. Itxura horren atzean, filosofia eta kultura bat dagoela gaineratu du gazte irundarrak:"Edgar Alan Poe moderno baten modukoak gara". Gorka bera poesiazalea da, adibidez.  

Topikoak topiko dira, eta horregatik, batzuk bete egiten dira eta beste batzuk, ez. Gorkari, batez ere, film dramatikoak gustatzen zaizkio: Mar adentro, La vita e bella… Baina Forrest Gump ere gogoko du. Eta musika arloan, Beethoven, Mozart eta Sirenia, Tristania edo Lacrimosa taldeak.

Alemanian omen du mugimendu gotikoak indar handiena. Han egiten dituzte jaialdirik jendetsuenak, Berlinen, esaterako. Euskal Herrian gotiko gutxi dago, eta Gorkak ez luke gehiago izatea nahi: "Gero eta jende gehiago dabil gotiko jantzita, baina gehienak makarra hutsak dira. Itxurari besterik ez diote erreparatzen. Ez dute kultura gotikoa barneratu".

Eta non elkartzen dira Euskal Herriko gotikoak? Gorkak, behintzat, bi lagun gotiko alde batera, ez du beste inorekin harremanik. Ez da tabernetan ibiltzen. Eta Internet ere ez du erabiltzen, beste toki batzuetako gotikoekin harremanean jartzeko; soilik bere webgunea (www.fromthecrypt.com) elikatzeko jotzen omen du sarera. "Ez zait gustatzen jendearekin harremana izatea", dio Gorkak. Ezta beste gotiko batzuekin ere? Hau da, zaletasun edo kezka berak izan ditzakeen jendearekin ere? "Gotiko bakoitzak bere ideologia du, eta harremanean jarriz gero, ez genuke elkar ulertzerik lortuko". Gotiko izateak arazo bat edo beste ekarri omen dio Gorkari: "Nahiko diskriminatuta gaude, bai itxura fisikoaren eraginez, bai gure pena aurpegiarengatik. Dena dela, horrek ez du esan nahi depresiboak garenik. Hasieran, gurasoei eta lagunei kostatu zitzaien onartzea, baina azkenean, onartu egin dute. Gizartean beldur eta mesprezu begiradak sumatzen ditugu, eta ez da batere atsegina izaten; gure aurpegia horren ondorioa ere bada".

Beste mugimendu batzuei buruz ikuspegi ezkorra zabaldu den bezala, gotikoei ere satanismoaren motxila bizkarrean eraman beharra egokitu zaie. Gorkak garbi hitz egin digu horretaz. Beste arlo batzuetan gotiko bakoitzak bere iritzia edo ikuspuntua duen bezala, horretan ez dago aukerarik, Gorkaren hitzetan: "Satanismoak ez du inolako zerikusirik gotikoarekin. Iraina da gu satanikoak garela esatea. Mesedez, argi gera dadila: ez gara satanikoak!".