Gose zarenean haserretzeko joera izatearen arrazoia

Gose zarenean haserretzeko joera izatearen arrazoia Ez dugu berdin erreakzionatzen egoeren aurrean gose garenean edo ase garenean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gose-zarenean-haserretzeko-joera-izatearen-arrazoia/@@download/image/pexels-olly-3965224.jpg
2026/09/24

Testua: Maitane Legarreta

Ez dugu berdin erreakzionatzen egoeren aurrean gose garenean edo ase garenean.
Gose zarenean haserretzeko joera izatearen arrazoia
Tripa-zorriak dantzan izatean, goseari erremedioa jartzeko premiaz, zenbait pertsona aldarte okerragoan egoten dira, eta jarrera oldarkorragoa izaten dute edo haserre samar egoten dira. Bati baino gehiagori entzungo zenion: "Gose naizenean umore txarrez egoten naiz". 
 
Kontuan izan behar da jarrera horrek bizirauteko ere balio izan diola gizakiari. Gure arbasoek elikagairik gabe geratu eta ehizean ibili behar izaten zutenean, indarra eta jarrera oldarkor samarra behar zuten janaria lortzeko eta beste harrapakari batzuen aurka borrokatzeko, ezin baitzuten modu pasiboan geratu, biziraungo bazuten behintzat.
 
Gure gorputzak arriskutzat hartzen du janari falta, eta hainbat faktorek eragiten dute gosearen ondorioz sortzen den aldarte aldaketan. Alde batetik, glukosa edo odoleko azukreak behera egiten du gutxi jan dugunean. Hura da garunaren erregai nagusia, eta garunak funtzio konplexuak egiteko energia gutxiago duenez, bulkada eta emozioak kontrolatzeko gaitasuna ere gutxitu egiten da. Ondorioz, errazago haserretu gaitezke eta baita pazientzia galdu ere.
 
Odolean glukosa gutxi dagoela antzematean, garunak alarma-seinalea bidaltzen dio gorputzari, azuke maila igo dezan. Alarmak estresarekin lotutako hormonak askatzen ditu, kortisola eta adrenalina hain zuzen ere, eta hormonak horiek odolera bat-batean isurtzeak urduritasuna eta oldarkotasuna aregoatu dezake.
 
Bestalde, gose garenean garunak Y neuropeptidoa izeneko substantzia kimikoa jariatzen du, elikatzeko seinalea emateko. Substantzia kimiko berberak garuneko hainbat hartzailerekin elkarreragiten du eta haserrea, amorrua eta jokabide oldakorrak erregulatzen ditu. Hau da, gutxi gorabehera, gosea eta haserrea bide neurokimiko berberetik doaz.
 
Hala ere, horrek ez du esan nahi gose garenean haserretzea saihestezina denik, autokontrolarekin zerikusia duten garuneko beste kate batzuk hori oztopatzeko gaitasuna baitute. Goseak erreakziorako jarrera edo joerara bultza gaitzake, baina ez du gure ordez erabakia hartzen.
 
Dena den, gose garenean haserretzeko edo ozpintzeko joera baztertu nahi izanez gero,  modurik onena azukre-maila egonkor samar mantentzea da. Ahal dela, otordurik ez saltatu eta mokadu osasuntsuren bat izan inguruan, fruta edo fruitu lehorrak esaterako.