Gori-gori

Gori-gori https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gorigori/@@download/image/2010924989suzi__1361959172.jpg
2010/09/03
elkarrizketa
Gori-gori
50 urte. Mende erdia. Denbora tarte horretan, Bilbon, rockak egindako bidea xehe-xehe eginda ageri da, 'Lluvia, hierro y rock&roll;' liburuan, Alvaro Herasek idatzia. Lehen edizioa agortu egin zen joan den urtean, kaleratu eta gutxira, eta dagoeneko bigarren edizioa dago salgai liburu dendetan.

1958an hasi eta 2008an bukatu. "Bost urteko lana da liburua. Banekien non bilatu egon bazegoela, baina ez nuen uste horrenbesterako izango zenik!". Alvaro Heras egilearen hitzak dira, aurkezpen gisa. Zertaz ari den badaki Herasek, Bonzos eta The Painkillers musika taldeetan ibilia baita.  Lehen hamarkadetan, 60ko eta 70eko hamarraldietan, deus ez. Edo oso gutxi.  "The Beattlesen garaia zen, baina gurean joera berriak nekez sartzen ziren. Izan ere, musika taldeetan baino gehiago, gazteak batez ere Elizatik gertuko taldeetan zebiltzan", zehaztu du liburuaren egileak. "Diskoetxerik ere ez zegoen; 10 bat talde baino ez ziren egongo. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, txima luzeekin ibiltzea arriskutsua zen", gaineratu du. Exagerazioa? Ez horixe. Liburua Bilboko rocka barru-barrutik ezagutu zuten hainbat pertsonen lekukotzekin horniturik dago eta Jose Ignacio Millanek honako pasartea oroitu du. "Iñaki Egañak ile luzea zeraman eta Portugaleteko indioa esaten zioten".

Los Espectros, Los Tañidores, Los Famelicos eta Los Mitos dira sasoi hartan, zailtasunak zailtasun, aurrera egiten saiatu ziren talde batzuen izenak. 70eko hamarkadan, beste koska batzuk igo ziren: Ovni Club, La Jaula eta Holiday aretoak zabaldu zituzten, esate baterako. Eta ezin aipatu gabe utzi bi disko denda ahaztezinak: Vox eta Woodstock.

Zarama, Eskorbuto, Platero y Tu…
80ko hamarkadan, berriz, Bilboko rockaren loraldia iritsi zen. Labe Garaietako burdina nola, rocka hala: bero-bero. "Ingalaterrako eta AEBetako joerak, orduan bai, heldu ziren. Rockarekin loturiko joerak, estetikoak zein musikalak". Horren lekuko, Bilbon sorturiko taldeak: Zarama, Dinamita P' Los Pollos,  Platero y Tu eta Eskorbuto ezinbestekoa, tartean. "Bilbon gehienbat rock borrokalaria eta punka nabarmendu ziren". Sasoi hartakoak dira Alde Zaharreko Muga eta Gaueko aretoak, eta gaztetxe ahaztezina. "Lokalok 90eko hamarkadan itxi egin zituzten", oroitu du Herasek.  Sondikako Cotton Fields-en eta Yoko Lennon's-en ere tokia egiten zieten bertako taldeei.

Ya te digo, Capsula, Split 77, Zea Mays, Athom Rumba… XX. mendearen bukaerak eta XXI.aren hasierak ekarritako talde batzuk dira horiek guztiak. Labe Garaien urrezko sasoia aspaldi pasatu zen, baina Bilbon rockak gori-gori jarraitzen du. "Sasoitsu dago. Esate baterako, areto asko dago: 100 pertsonentzako tokia duten lokaletatik hasi eta 19.000 leku dituen BECeraino. Promotoreak ere egon badaude eta taldeez eta estiloez hitz egiten badugu, aniztasuna nabarmendu behar dugu: metal gogorrena, dance-rock-a, instro-surfa… Ahaztu gabe, noski, kanpora begira ari direnak, hala nola We are Standard, Capsula eta Longboards. Eta jende askok ez dakien arren, oraindik ere fanzineak badaude, bai paperean eta baita Interneten ere".

Getxo Sound, hurrengo erronka


80ko hamarkadan pop-rocka puri-purian egon zen Getxon, eta Udalak Getxo Sound delako hura freskatzeko liburu eta disko bana argitaratuko dituela iragarri du. Hain justu ere, Alvaro Herasek koordinatuko du lan hori.