Gore-Tex-en asmatzailea zendu da

Gore-Tex-en asmatzailea zendu da Robert W. Gore ingeniari kimikoa 83 urterekin hil da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gore-tex-en-asmatzailea-zendu-da/@@download/image/maxresdefault.jpg
2020/09/21
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Robert W. Gore ingeniari kimikoa 83 urterekin hil da.
Gore-Tex-en asmatzailea zendu da

Zer egingo genuke euritan Gore-Tex zapatilarik gabe? Euskal Herrian bederen, ezinbesteko elementua bihurtu da urtetan. Asmakizun bikain honen egilea zendu da gaur; Robert W. Gore ingeniari kimiko estatubatuarra 83 urterekin zendu da. 1969an asmatu zuen Gore-Tex-a, eta historiako lehen ehun iragazgaitza izan zen.

Gorek halabeharrez asmatu zuen Gore-Tex-a; aitak, garaian enpresako buru zenak, berunezko zinta kostu gutxirekin egiteko formula topatu zezan eskatu zion. Ikertzen hasita, PTFE edo DuPont Tefloia erabiltzen hasi zen, baina arrakastarik lortu gabe. Haserre, azken PTFE barra gogor jaurti zuen, baina ez zen puskatu; barra zabaldu egin zen, bere diametroan aldaketarik egin gabe. Orduan deskubritu zuen PTFE zabalduak edo ePTFEak aukera handiak eskaini zitzakeela. Zazpi urte beranduago jaio zen Gore-Tex ehuna.

Gore-Tex-aren asmakizunak mendian ibiltzeko aukerak eraldatu zituen guztiz, baina ez hori bakarrik; euria uxatzen duen ehun berezi hau beste asmakizun harrigarriak sortzeko abiapuntu bilakatu zen. Hala, Goreren enpresak urteak eman ditu gizartea hobetuko zuten asmakizunak garatzen, hala nola, bihotzak berreraikitzeko materialak sortzen, defentsarako produktuak egiten edota ura iragazteko gailuak eraikitzen.