[Gomendioa] 'The Office': inoizko umorezko telesailik onena?
![[Gomendioa] 'The Office': inoizko umorezko telesailik onena? [Gomendioa] 'The Office': inoizko umorezko telesailik onena?](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-the-office-inoizko-umorezko-telesailik-onena/@@images/ff25cfe5-489e-41e0-ae72-7c2745aba208.png)

Dokumental faltsu formatuan grabatua, Dunder Mifflin izeneko paper enpresa baten egunerokoa islatzen du. Tira, enpresarena baino bertako langile xelebreena. Pertsonaia sorta zoragarri horien artetik gainera, Michael Scott izeneko nagusiarena nabarmenduko nuke, Steve Carell aktoreak gorpuztua. Mundu guztiak nagusitzat izan nahiko lukeen pertsona den arren, langile guztien amesgaizto bilakatuko dema. Andy Bernard, Dwight Schrute, Pam , Jim, Stanley, Angela, Kevin… Succession telesailaren modura, guztiak maitatu eta gorrotatuko dituzu.
'Binge watching' edota atalak bata bestearen jarraian irensteko izenburu oso aproposa iruditzen zait, 30 minutu inguruko atal oso dibertigarriak eta arinak direlako, baina batez ere minutu horietan gertatuko zaizkien egoera surrealistek barrez lehertzeko gaitasuna dutelako.
Ez dakit pantaila txikiaren arloan inoiz egin den umorezko telesailik onena den ala ez, izenburu honekin batera beste asko ere nabarmenduko nituzkeelako, Seinfeld, Louis C.K, Community, The Young Ones, Curb Your Enthusiasm,The IT Crowd, Arrested Development edota Park and Recreations, baina ekoizpen honekin sentitu dudan konexioa hain izan da erraldoia, maitatu besterik ez dudala egin.
Amaitu aurretik oharra: lehen denboraldia ikusten hasten zarenean, denok izan dugun sentsazio bera izango duzu, “ ez zait gehiegi gustatzen, ez da oso barregarria…”. Pazientzia apur bat eskatu nahi nizuke beraz, atal gutxi batzuk igarotzean guztiok sentitu dugun lotura hori loratuko delako eta une horretatik aurrera “That's what she said” esaten amaituko duzulako.
Non ikusi? Amazon plataforman