[Gomendioa] Soap&Skin - "Narrow"

[Gomendioa] Soap&Skin - "Narrow" Batzuetan gertatzen zait ez dakidala zer entzun nahi dudan. Horrelakoetan nire musika aplikazioan deskargatuta (asko eta asko denbora faltagatik entzun gabeak) edukitzen dudan musika guztia modu aleatorioan jartzen dut. Horietako egun bat zen, eta bat-batean "Voyager Voyager" abestia hautatzen du patuak. Mundua gelditu zitzaidan: zein ote da ahots horren sentikorreko neska hau? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-soap-skin-narrow/@@download/image/soap_and_skin_1331734228_crop_550x367.jpg
2021/06/02

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Batzuetan gertatzen zait ez dakidala zer entzun nahi dudan. Horrelakoetan nire musika aplikazioan deskargatuta (asko eta asko denbora faltagatik entzun gabeak) edukitzen dudan musika guztia modu aleatorioan jartzen dut. Horietako egun bat zen, eta bat-batean "Voyager Voyager" abestia hautatzen du patuak. Mundua gelditu zitzaidan: zein ote da ahots horren sentikorreko neska hau?
[Gomendioa] Soap&Skin - "Narrow"

Noski, berehala jo nuen disko osoa entzutera eta ordutik maiteminduta nago. Anja Plaschg austriarraren musika minimoa da, elektronika ukituak dituen piano batean oinarrituta dago, baina ez du besterik behar horrenbeste ñabardura dituen ahotsa edukita. Xuxurla oroitarazle eta tonu lazgarrien artean mugitzen den ahotsa da berea. 

Vater abesti sentikorra entzun besterik ez dago. Narrow diskoa irekitzen duen abestia bere hildako aitari eskainia dago eta lan osoaren atmosfera iluna gai horretatik abiatuko da. Kantu honetan, austriarrez, -bere ama hizkuntzan-, abesten du ohiko ingelesaren ordez, baina hizkuntza ezberdinetan abestea ez da arraroa suertatzen entzulearentzat, mezuaren arabera aukeratzen baitu hizkuntza bakoitza; abestia zuzenean bihotzera iritsi dadin, diskoak irauten duen segundo bakoitza eder eta bakar bihurtuz. 


Bere ahots ezti bezain oldarkorrak entzulearekin gupidarik gabe jolasten du, hipnotizatuta utziz. Hurrena datorren abestian, Plaschg-ek ez du doinuera alemana alde batera uzten, bai ordea hizkuntza, frantsesari lekua eginez. Desirelss aldearen Voyage, Voyage abestiaren bertsio ezin partikularragoa aurkezten digu. Modu makarronikoak ahoskatuta eta ia lagun bakar bezala pianoa duelarik, arrastatu egiten ditu bertsoak eta ezinezkoa dena lortzen du: zalantzako kalitatea duen abestia, bere mundura ekarriz entzulea hunkitzea. 

Hemendik aurrera, eleaniztasuna alde batera utziz, abesti guztiak ingelesez izango dira. Kantu hauetan ere ahotsa eta pianoa izango dira protagonista, baina elektronika bere lekua aldarrikatzen hasiko da. Deathmental kantuan adibidez, pianoak ez die lekua uzten sintetizadore eta sample-ei baizik eta erabat desagertzen da soinu industrialek Plaschg-en ahots deabrutua inguratu dezaten. 

Disko osoak bere lasaitasunen eta pausetan ezinegon bat helarazten du, zerbait lehertzear balego bezala; zerbait txarra gertatzear dagoenaren aierua. Horrenbeste edertasuna dute ordea abestiek, zaila dela, nahi izanda ere, mundu ilun horretatik aldentzea. Konturatu gabe, Soap&Skin proiektuak, ni behintzat, bezatu nau
.